EDITORIALA

Euskara eta eskubideak garatzeko estrategiak

Euskarak hizkuntza politika berria behar du euskararen lurralde guztietan. Agerikoa da politika honen inguruko adostasunik ez dagoela, baina larriena zera da: ez dagoela politika horren beharrari buruzko adostasunik. Ondorioz, eztabaida ez da behar bezala ematen ari eta nahitaez hartu behar diren neurriak ez dira adosten ari. Alderdien artean behintzat ez dago adostasunik. Tamalez, ezta euskara normalizatu eta garatu behar dela esaten duten alderdien artean ere.

Oraintxe, EH Bilduk Gipuzkoan gobernatzen jarraituz gero euskararen ikaskuntza debalde izatea bermatuko duela agindu du. Neurri benetan interesgarria eta garrantzitsua da. Euskal lurralde guztientzat gainerako alderdiek onartu beharko luketen neurria da, zalantzarik gabe. Nolanahi ere, 2015ean Gipuzkoan hau egiteke egotea hizkuntza politikaren egoeraren adierazgarria da. Errealitate printzipioak agindu behar du hemen, errealitatea aldatu behar delako, hain zuzen ere. Zerbaitetan ez da asmatu. Gutxienez, honelako prozesuak uste baino motelagoak direla onartu beharko dugu. Urrats berriak egin beharko dira.

Hartara, ETB2n euskaraz normaltasunez aritzeko atzo zenbait pertsona ezagunek aurkeztu zuten ekimena positiboa da, ez horrenbeste pertsona horiek eta entzungo diegun euskaldunok herri honen hizkuntzan aritzeko eskubidea dugulako, badugu-eta, baizik eta euskararen normalizazio eta garapenerako estrategia baten parte izan daitekeelako. Ekimena arnasguneen hedapen gisa aurkeztu da, bere horretan oso positiboa izaten ari den esperientzia. Euskararekin, arduraz, beharko lukeena izan dadin, euskararen alde gauden guztiok zer egin behar dugun asmatzea funtsezkoa da. Politika eraginkorrak behar ditugu, errealitatera egokituak eta aurrean ditugun erronken neurrikoak. Helburua ez da norbera bere buruarekin konforme egotea, baizik eta euskararen normalizazioa lortzea bere lurralde guztietan. Euskara ez baita auzi pertsonala soilik, baizik eta, batez ere, kolektiboa.