GARA
IRUÑEA

Euskararen aldeko aldaketa bultzatzeko, Anaitasunara deitu dute iruindarrek

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak apirilaren 25erako Anaitasuna kiroldegian antolatu duen ekitaldian parte hartzera deitu dute Iruñeko hainbat eragile sozialek.

«Euskaraz bizi nahi dugun herritarrok ez dugu horretarako aukera nahi dugun guztietan. Gure erakundeetan euskaraz bizitzeko neurriak aspaldi hartuak ditugu eta aurrera egiten jarraitzen dugu norabide horretan: hizkuntza irizpideak definituz, euskarazko jarduera kulturalak eta formazioa eskainiz... Azken batean, euskaraz biziz», adierazi zuten eragileek.

Helburu hori lortzeko, halere, pauso ugari eman behar direla gaineratu zuten. «Eragile sozialoi, tamalez, ez zaigu instituzio batzuen bazterkeria arrotza egiten eta Nafarroako Gobernuak euskararen kontra egin duen eta egiten jarraitzen duen guztia onartezina da, nafarron kontra ari baita azken batean».

Horiek horrela, apirilaren 25ean, 18.30ean, Anaitasunan bat egitera deitu zituzten herritarrak, «aldaketa gu guztion bultzadaz etorriko baita».

Egunean bertan, Anaitasunako ekitaldiaren aurretik jarduera ugari egongo direla gogora ekarri zuten: Ezkabara lasterketa ez lehiakorra izango da goizeko hamarretan, eta Anaitasuna kiroldegiko jatetxean bertso bazkaria egingo dute 14.00etan Julio Soto, Alaia Martin eta Fredi Paiarekin. 17.00etan Baratxurien plazatik kalejira abiatuko da Anaitasunara heltzeko. «Hau da, Anaitasuna girotzeko eta egun polita egiteko aukera izango dugu», gaineratu zuten.

Informazio gehiago behar izanez gero «euskarazbizinahidut@gmail» helbidean galdetu daiteke.