GARA
BARTZELONA

Sarrionandia, Muguruza eta Gose, Bartzelonako Literaldiko protagonista

Bartzelonako Euskal Etxearen ekimenez, aurten hamaika proposamen eta gonbidatu berezi jaso ditu aipatu Kataluniako hiriburuan ospatzen ari den Literaldia jaialdiak.

Urtero legez, XI. edizio honetan ere euskal literatura ezagutzera eman eta zabaltzeko, musika, ilustrazioa eta diziplina anitzeko sorkuntzak baliatu ditu jaialdiak eta, besteren artean, Sarrionandia, Fermin Muguruza, Bernardo Atxaga, Gose eta Danele Sarriugarte izango dituzte protagonista.

Hala, Bernardo Atxagak eta Manuel Rivasek bi mahai-inguru egingo dituzte elkarrekin, Fermin Muguruzak “Black is Beltza” bere azken proposamena aurkeztuko dio publiko katalanari, eta Danele Sarriugartek “Erraiak” bere lehen liburua eramango du besapean. Era berean, musika, literatura eta pintura uztartuta Joseba Sarrionandia eta Gosek osatutako “Gosariak” ekimenak ere izango du lekurik jaialdian.

Literaldia apirilaren 10ean hasi zen “Nola belztu behar zuria” ikuskizunarekin. Joxan Artzeren poemen errezitaldi musikatua da, Bide Ertzean, Oier Guillan eta Asier Sarasolaren eskutik.

Ohi bezala, hilaren 23an, Sant Jordi egunarekin batera, Euskal Etxeak Rambletara eramango du euskal kultura eta, besteren artean, bertan Fermin Muguruza egongo da liburuak sinatzen.

Bartzelonako Literaldia jaialdia maiatzaren 9an amaituko da eta ekimen guztiak doakoak izango dira. Informazioa eta egitarau osoa: «www.literaldia.com».