Ariane KAMIO
DONOSTIA

1937ko bonbardaketa, herri antzerkira

Gernikako bonbardaketaren 78. urteurrenean, «Gernika garretan» herri antzezlana egingo da bihar. 150 parte hartzaile baino gehiago aterako dira kaleko oholtzara, sarraskia berriro gogora ekartzeko.

78 urte beteko dira bihar gerra hegazkinek Gernika bonbardatu eta suntsitu zutenetik. Sarraski hura gogoan du egun herriak eta, urteurrenaren karietara, herri antzerkia egingo dute bihar, arratsaldeko 19.30ean. Zeruari begira jarriak dira dagoeneko parte hartzaileak, eroriko denaren beldur. Bonbak ez, baina euria izan daiteke orain arerio nagusia; «ez daukagu B planik. Euriak jotzen badu ere, hantxe izango gara». Doro Zobaran antzezlanaren zuzendariak zainduko ditu detaile guztiak.

2012ko “Gernika sutan” antzezlanaren ondotik –75. urteurrenean egindakoa– dator orain herritar talde bat buru duen ikuskizuna. Bigarren aldiz egingo dute. 2013an izan zen aurrekoa eta bi urtetik behin antzezteko bokazioz jaio zen.

Azoka eguna minez jantzi zuen astelehen hartako herritarrak izango dira protagonista nagusiak. Herrira jaitsitako baserritarrak, ihesean joandakoak, emakume eta haurren irudia... Bonbardaketaren hamaika aurpegiak kalera aterako dituzte beste behin ere 150 lagun ingururen parte hartzea izango duen antzezlanean. «Ezin esan dezaket zehazki zenbat lagun izango garen, baina 150-200 inguru gara», zehaztu du.

Herrietako memoria

Gernika mugarri izan da Euskal Herriko memoria historikoaren berreskurapenean. Sarraski hark 36ko gerrako kapitulu ilunenen artean hartu du bizileku propioa. Baina guda ez zen Gernikan amaitu. Inguruko herrietan odol isuriak aurrera jarraitu zuen. «Gernikako kasuaz dokumentazio ugari dago, baina inguruko herrietan gertatutakoaren memoria historikoa ez da apenas landu», dio Zobaranek.

Hartara, Gernikako auziaz gain, eskualdean gertatutakoak ere erantsiko zaizkio antzezlanaren gidoiari berrikuntza gisa. 1937ko abuztuaren 5ean, Derioko hilerrian, herriaren ordezkari errepublikazale izateagatik –zinegotzi ohiak gehienak– bost busturiar fusilatu zituzten. Gertakari horiek izango dira biharko antzezlanaren berritasun nagusia. Horien heriotzaz gain, ordea, inguruan geratu zirenen argazkia ere erakutsiko dute. Eta, bereziki, 2 eta 8 urte arteko seme-alabekin alargun geratu ziren emakumeei eskainiko zaie arreta berezia, «beraiek izan zirelako benetako errepresioa jasan zutenak, isunak eta bazterketa, gizarte heriotza, hain zuzen».

Antzezle eta figuranteez gain, Elai Alai taldeko dantzariek, herriko hainbat abesbatzak eta musika eskolako banda eta folk taldeak ere parte hartuko dute gaurko ikuskizunean.