Amalur ARTOLA
DONOSTIA

75 fandango eta arin-arin segidan dantzatuz ekingo dio Eskolak urteurreneko hurrengo erronkari

Aurtengoa urte berezia da Eskola euskal folklore taldearentzat; 75 urte betetzen ditu. Hilabete bakoitzeko ekitaldi bat antolatu dute eta, maiatzaren 30ean, 75 fandango eta arin-arin dantzatuko dituzte jarraian.

75 urte ez dira egunero betetzen. Hausnarketa horixe egin zuten Donostiako Eskola euskal folklore taldeko kideek iaz, 75. urteurreneko ospakizunetan pentsatzen hasi zirenean. Eta, ez bat eta ez bi, urteurrenak hamabi ekitaldi merezi zituela ondorioztatu zuten: hilabeteko bana.

«Lan mardula izaten ari da, baina pozik gaude, jendea gerturatzen ari delako eta ekitaldiak ondo ateratzen ari direla ikusten ari garelako», azaldu du egunotan bileratik bilerara dabilen Tomas Ugaldeberek, elkarteko presidenteak. Urtarrilean danborrada izan zuten elkartekoek, otsailak inauteriei eman zien txanda, martxoan sagardotegia egin zuten, apirilean meza, baina, ziur asko, maiatzekoa da 2015erako osatu duten egutegi estu horretako zitarik bitxi eta erakargarriena.

«Euskal Herriko dantza talde ugari mobilizatzen ari gara, maiatzaren 30ean Bulebarrean 75 fandango eta arin-arin egiteko jarraian. Erronka txiki bat izango da, baina nik uste lortuko dugula», ziurtatu du. Hurrengo hilabeteetan, tailerrak, Belgikara bidaia, emanaldiak, Erniora erromeria, eta erakusketa izango dituzte, eta ereserkia ere sortu dute:&flexSpace;«Juanjo Ocon abesbatzako kideari zerbait dantzagarria, kantagarria eta jogarria egiteko eskatu genion eta pieza erakargarria egin du, dantzatzera animatzen zaituena. Antzinako erritmo bat du oinarri eta hitzak nik jarri dizkiot».

Lorezainen konpartsa

Abesbatza moduan sortu zen Eskola, 1940. urtean, Schola Cantorum de Nuestra Señora del Coro izenpean. Beranduago dantza taldea eta, 2012an, danborrada batu zitzaizkion. Inauterietan ere presentzia du Eskolak: «1963ko konpartsa baten partiturak iritsi ziren Josetxo Fuentes koreografoaren eskuetara eta zerbait egitea erabaki genuen. Hala, lorezainen konpartsa osatu genuen eta, arrakasta ikusita, urtero egitea erabaki genuen. Jende asko hurbiltzen da konpartsa ikustera», azaldu du.

Egun, ia 400 pertsona biltzen dira Eskolaren izenpean. «Ia ehun haur ditugu dantza akademian, 50 abesbatzan, 35 dantza taldean... Talde mardula gara eta gustura gaude, ikusten dugulako akademiatik dantza taldera pasatzen direla, badela jarraipen bat. Hori bai; gehienak neskak izaten dira, mutilak nola erakarri pentsatu behar dugu».

«Orain, etorkizunean dugu pentsamendua»

75. urteurrenean atzera begiratu bai, baina begiak etorkizunean dituztela azaldu du Eskolako presidente Tomas Ugaldeberek. «Orain ehun urte betetzera iristea da erronka», esan du barrez. Iritsiko direla ziur dagoela dio, baina horretarako Eskolak «iristea gero eta zailagoa den publikoa» erakartzeko bide berriak bilatu behar dituela: «Tradiziozko folklorea gero eta gutxiago ikusten da eta ikusi behar dugu zer egin dezakegun gure produktua erakargarriagoa egiteko. Etorkizunerako hausnarketa horretan gabiltza». A.A.