GARA
DONOSTIA

Herri galdeketen araudia aho batez onartu du Donostiako Udalbatzak

Behin betiko onartu den araudiak hiri nahiz auzo mailako galdeketak babesten ditu eta aski izango da hiritarren %5ek sustatzea halakorik antolatu ahal izateko. 16 urtetik gorakoek ere bozkatu ahal izango dute.

Legealdiko azken udalbatzarra egin zuen atzo Donostiako Udalak. Eta legealdia amaitzear, hain justu, aho batez eta behin-betiko onartu zen atzo Hiritar Kontsulten Erreglamendua.

Araudi horrek jasotzen du, besteak beste, galdeketetan 16 urtetik gorakoek botoa eman ahal izango dutela; galdeketak hiri mailakoak edo auzune nahiz auzoetakoak izan ahalko direla; herritarren ekimenez sustatutako galdeketek ez dutela udalbatzarretik pasatu beharko; eta aldi berean, galdeketa deitzeko hiritar ekimenek 16 urtetik gorakoen %5en babesa nahikoa izango dutela.

Pozik azaldu zen Axier Jaka Parte-hartze zinegotzia. Azpimarratu zuenez, herritarrek hasieratik hartu dute parte araudi honen diseinuan eta, zentzu horretan, Administrazio Elektronikoaren Legearen babesean, sinadurak biltzeko sistema elektronikoa garatu da. Eskaera hiritar batek egin zuen, alegazio baten bidez. «Erregelamendua herritarrentzako tresna» izango dela goraipatuz, donostiarrek erabaki publikoetan parte hartu ahal izango dutela esan zuen.

EH Bilduren ekimenez, aho batez onartu zen, halaber, Udal taldeetako ordezkariek bi hizkuntza ofizialetan aritzeko gaitasuna bermatu beharra. Hots, neurria Euskararen Kontseilu Sektorialaren araudiari dagokio. Prozesuan zehar, 104 alegazio aurkeztu dituzte herritarrek.