Jose Luis Bardon
Mundakako eskola
KOLABORAZIOA

Eskola txikiak, aniztasunaren gordelekuak

Busturialdeko eskola txikiak Urdaibaiko Biosfera Erreserban kokatuta gaude, bioaniztasunaren gordeleku bikainean. Bioaniztasuna ondarea da, horren barruan bizitza anitza, paisaiak, espeziek, ekosistemak eta abar baitaude. Bioaniztasun horren adierazleetariko bat dauden nitxo ekologikoak dira; bada hezkuntza munduan eskola txikiak nitxo ekologiko-pedagogikoak dira, babestu eta indartzeko eremuak, beren-beregiko ezaugarri propioak gordetzen baitituzte eta, eskola txikiek nitxo ekologikoek legez, ekarpen baliotsuak dakarzkigute.

Naturan gertatzen den legez, ekosistema txikiekin, gure eskolak ere ekosistema txikiak izanda, malguagoak dira, aldaketarako prestatuagoak; erraz eta azkarragoak moldatze aldera.

Landa eremuan kokatuta daude, herri edo auzo txikietan, eskola publikoak; gela berean maila ezberdinak, homogeneotasunik ez dugu eta ez dugu bilatzen, aniztasuna da gure ezaguera propioa, aniztasun horren onarpena nahitaezkoa da eskola inklusiboa lortze aldera. Gure herri txikietan eskolak laguntzen die umeei komunitatean integratzen, haurra eskolan integratzen denean herrian integratzen da. Lagun berberak izango ditu eskolan eta kalean. Atsotitz afrikarra: «Ume bat hezteko tribu osoa behar da». Gure eremuetan errazago hezurmamitu daiteke horren xedea, izan ere, hezkuntza-komunitatea, herria, familiak, lagunak, ikasleak, irakasleak, eskolarekin txertatzeko prozedura erraz, hurbil eta bideragarriagoa da hirietan baino.

Gure eskoletan dugun aniztasuna ez dugu traba bezala ikusi behar, aukera bezala baino. Estrategia egokiak bilakatu behar dira talde ezberdinen artean sortzen den interakzioa aprobetxatuz eta era naturalean berdinkideen ikaskuntza-irakaskuntza sortzen da, eta sinergia hori bideratu berdinkideen tutoretza ahalbidetzeko, talde kooperatiboak eta ikaskuntza kooperatiboa, taldekatze eta ordutegi malguak antolatuz. Izan ere, propio dugun egitura hori, adin ezberdinetako umeak aldi berean espazio komun batean, pedagogi mugimendu batzuek bilakatzen dute, hala nola: Amara Berri sistemak edo nazio artean erreferentea den Reggio Emilia eskolen sistemak.

Gure eskoletan ikasleek lortzen duten autonomia maila nabarmentzekoa da eta ikerketa ezberdinek agerian utzi dute errealitate hori.

Gure eskolak, eskola graduatu osoekin alderatuz gero, desberdinak dira; horregatik tratamendu desberdin izan beharko lirateke eta Irakasle-eskola fakultatean eskola horien ezaugarriei erreparatu beharko zaie; izan ere, praktiketan etortzen zaizkigun ikasleei gure gela multigradoak arrotzak eta ezezagunak egiten zaizkie, eurek gela gradu bakar baten moldearekin baitatoz eta errekurtsorik ez dute. Horretan ere Katalunian dagoen dinamikan erreparatzea aberasgarria delakoan nago. Lehendabizi Magisteritza eskoletan eskola multigradoari buruzko formazioa landu egiten da eta horren inguruan lan handia egin du GIER taldeak (Grup Interuniversitari d’Escola Rural).

Nekazaritza eremuetan hezkuntza politikak bideratzeko 2007. urtean Observatori de l´Educació en l’Món Rural de Catalunya sortu zen eta erakunde horren bultzatzaileak izan ziren Secretariat d’Escola Rural de Catalunya eta Grup Interuniversitari d’Escola Rural. Secretariat horretan berrikuntza pedagogikoko mugimenduetako irakasleak batzen dira eta Grup horrek Catalunyako Magisteritza ikasketak dituzten unibertsitate guztietako (publikoak zein pribatuak) irakasleak batzen ditu.

Gure erkidegoan edota Nafarroan dauden maisu-maistren koordinazio egiturak oso ezberdinak dira lurralderik lurralde eta urteetan aldakorrak, baina gaur egun Gipuzkoan bakarrik sustatuta dago eskola txikien koordinatzaile irakaslea, zeinek Lasarteko berritzegunean lanpostua duen. Gainontzeko lurraldeetan, nik dakidala behintzat, dagoen koordinazio egitura eskualdekoa da, esaterako, Nafarroan Baztan eta Xareta; Bizkaian Arratia edo Busturialdean.

Busturialdeko kasuan, koordinazio horren emaitzak ugariak izan dira. Urteetan zehar hainbat lan komun egin ditugu eremu ezberdinetan: Administrazio dokumentuetan, hezkuntza aplikazioak, ikaskuntzako proiektu bateratuak, emanaldiak eskoletan, irteerak elkarrekin, egonaldietarako eskaera bateratuak, bisitaldi gidatuak, korrespondentzia, lanen aurkezpenak, materialen trukaketa eta urtero Busturialdeko eskola txikien jaia antolatzea. Aipatu ditudan esparruak eta gehiago irakasle koordinatzailea izanez gero, etekin askoz handiagoa aterako genioke koordinazioari, baietz, bide berriak urratu eta sakondu, eta emandakoak sendotu eta hobetu. Dena dela, jalgi hadi plazara, bai, euskara baita gure eskola txikien jaia ere, eta urte askoan jarraipena izan dezala.