2015/05/08

ETA-REN AGIRIA EUSKAL HERRIARI
gara, donostia
0508_eg_bakerako

Iazko abenduaren 21ean, Eusko Jaurlaritzak “Armagabetze azkar, bideragarri eta eraginkor baterako prozedura-proposamena” izena zuen dokumentua zabaldu zuen hedabideetan. Bertan, ETAk eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak armategiak zigilatzeko adostutako prozesua kritikatzearekin batera, armagabetzerako bere proposamena plazaratu zuen.

Orain arte ETAk ez du bere iritzia ezagutzera eman; gaiak duen garrantzia ikusita, proposamena eta hari loturiko azalpenak lehen eskutik jaso eta aztertzeko zain egon da. Eusko Jaurlaritzak, aldiz, ez du horretarako ganorarik izan, lau hilabete igaro direnean ETAk ez baitu Eusko Jaurlaritzaren aldetik inolako mezurik jaso.

Horiek horrela, Euskadi Ta Askatasunak, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, agiri honen bidez Eusko Jaurlaritzaren proposamen horri buruz duen iritzia azaldu nahi dio Euskal Herriari:

Eusko Jaurlaritzaren proposamena, konfrontazio politikorako tresna:

Eusko Jaurlaritzaren proposamenak ez du akordioa bilatzen, aurkezpenetik bertatik argi gelditu zenez:

-Eusko Jaurlaritzak ez du bere proposamena aurretik inorekin landu, ez ETArekin, ezta prozesuaren garapenean murgilduta dauden eragileekin ere. Eta adierazgarria da oso ustez ETAri zuzendua den proposamena oraindik ETAri helarazi ez izana.

-Komunikabideetara zabaldutako dokumentuari zein ondoren Jonan Fernandezek hari buruz esan dituenei harrokeria eta ezker abertzalearekiko herra darie. Proposamen eraikitzaile izatetik urrun dago, idazkiaren aginte-hizkeratik hasi eta ETAren jarreraren inguruan azaltzen diren aurreiritzi eta gezurretara iristeraino.

-Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak eta ETAk eskaintzen dioten informazioa modu maltzurrean erabili zuen, beste behin ere, Eusko Jaurlaritzak. Emandako konfiantza urratuz, proposamena Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak zigilatze prozesuaren garapenaren berri eman eta ordubetera aurkeztu zuen, kontra-programazio modura.

Eusko Jaurlaritzak ETAren armategiak zigilatzeko burutzen ari den prozesuari kalte egin nahi dio, ezker abertzalearen kontra egiteko duen estrategiaren baitan:

-Kontra-programazioaren bidez, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak ezagutzera eman zuena estali nahi izan zuen Eusko Jaurlaritzak. Nonbait, ez zuen nahi euskal jendarteak ETAren armategiak zigilatzen ari direla jakitea.

-Bere proposamenean ere gogor jotzen du ETAren armategiak zigilatzeko prozesuaren kontra eta ezer ez egitearen pare uzten du. ETAk eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak adostutako prozesuaren bidez, aldiz, Estatuen itxikeriaren aurrean ETAren armen auzia bideratzen hasteko modu egingarria bilatu zen. Gainera, abian jarri aurretik, gatazken konponbidean eskarmentu handia duten nazioarteko hainbat eragile eta pertsonalitaterekin kontrastatu zen eta den-denek balore handia eman zioten.

-Eusko Jaurlaritzak, hala ere, prozesua kaltetu nahi du, oztopo guztien gainetik konponbidean aurrera egiteko ezker abertzalea eta ETA egiten ari diren ahaleginen erakusle delako. Eusko Jaurlaritzak nahiago du egiazko prozesuak suntsitzea eta blokeoa errotzea, ezker abertzaleak bakearekin duen konpromisoa ikus dadila baino.

-Izan ere, Nazioarteko Egiaztatze Batzordea bere egitekoa gainditu eta publikoki ETAren kontra agertzea bilatzen ari da aspalditik Eusko Jaurlaritza, horrek Batzordearen indargabetzea ekar lezakeela jakin arren. Eta bilatzen zuen argazkia lortu ez duenez, proposamenaren aurkezpenean izan zuen jokaera satsuarekin xantaia egin nahi dio Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari, babes instituzionala Jaurlaritzaren esanetara egotearekin lotuta dagoela argi utzita. Nazioarteko eragileei, bai Batzordeari bai beste batzuei ere, babes instituzionala saldu nahi die Jaurlaritzak, ezker abertzalea erasotzearen truke.

Proposamenaren dokumentuan agerian uzten da haren helburu politikoa: konponbidean aurrera ez egitea ETAren eta ezker abertzalearen ardura dela irudikatu nahi du Eusko Jaurlaritzak.

-Dokumentuak jasotzen duenez, alderdien arteko elkarrizketa eza, euskal preso politikoen eskubideen urraketa eta ezkerreko independentisten jazarpena, den-dena, ETAren erruz omen da Eusko Jaurlaritzaren ustez.

-Horrela, Estatuen jarrera itxiari eta erasoei zilegitasuna ematen die, ETAren jarreraren ondoriotzat hartzen dituen heinean. Lehen ETAren ekintza armatuak ziren, gero borroka armatua behin-betiko ez uztea, orain armagabetzea; Eusko Jaurlaritzak beti aurkitzen du aitzakiarik Estatuekin ulerkor izateko.

-Bide batez, errealitate horiei guztiei erantzuteko duen ezintasuna edo gogogabetasuna ezkutatu nahi du Eusko Jaurlaritzak. Gobernuan egotea ez baita bakarrik bere zilegitasuna aldarrikatzea eta boterea edukitzea; gobernuan egoteak arazoei aurre egiteko ardura dakar. Eta Eusko Jaurlaritzak orain arte ez du ganora nahikorik izan ez alderdien arteko elkarrizketak bultzatzeko, ez euskal preso politikoen eskubideak defendatzeko, ez eta ezkerreko independentisten jazarpena sendotasunez salatzeko ere.

Eusko Jaurlaritzak ez ditu gatazken konponbiderako nazioarteko ereduak jarraitzen, garaile eta garaituen eskema baizik:

-Nazioarteko ereduetan armagabetzea bake akordioei lotzen zaien osagaietako bat den bitartean, Eusko Jaurlaritzak modu isolatuan eta agindu gisa aurkezten du. Horrela, gatazkaren jatorri politikoari muzin egin eta ETA gatazkaren adierazpen bakartzat aurkeztu nahi du. Halako planteamenduekin mundu zabalean arrakasta izan duten bake prozesuak leherraraziko lituzke Jonan Fernandez buru duen Bake eta Elkarbizitzarako Idazkaritzak.

-Nazioarteko ereduetan gatazkari loturiko auziak, armagabetzea barne, elkarrizketa eta negoziazioaren bidez konpontzen dira eta aldeen distentsioa bilatzen da. Jaurlaritzak, ordea, polizia operazioak onesten ditu, “Zuzenbide-Estatu batean ez lirateke baztertu behar” esaten duenean. Ez da gauza berria, dena den, ETAk borroka armatua utzi eta konponbiderako konpromiso argia erakutsi arren, Jaurlaritzak ETAren kontrako polizia operazioak babestu baititu, horiek gatazka konpondu ez, gatazka elikatu egiten dutela jakinda ere.

-Armagabetzerako eredu gisa, ETAren armategiak Eusko Jaurlaritzaren esku uztea proposatzen da. Jaurlaritza eta Polizia Autonomikoa, ordea, ez dira eragile neutralak. Hamarkadotan, eta gaur egun arte, gatazkan eta ezkerreko independentisten jazarpenean ardura zehatzak izan dituzte, eta zeresanik ez ETA eta bere militanteak erasotzerakoan. Gainera, Jaurlaritzak ikuspegi errepresibotik jokatzeko aukera iragartzen digu “legez dagokion modura jardungo duela” esaten duenean.

Horrez guztiez gain, proposamen zehatza ere ez da bideragarria eta ez du inolako bermerik eskaintzen:

-Eusko Jaurlaritzak ez du eskumenik halako prozesu bati berme juridikorik emateko. Bestelako akordiorik egon ezean, babes politiko eta instituzionala eman ahalko lioke, ez besterik.

-Bere burua bai babesten du Eusko Jaurlaritzak, legalitatearen baitan arituko dela argi utzita. Eta legalitatearen baitan aritzeak Espainia eta Frantziako polizia eta epaileen aginduen menpe egotea esan nahi du, dokumentuan nahitara esaten ez den arren. Zer nolako segurtasuna eskain dakioke Eusko Jaurlaritzak ETAri halakoa esan eta gero?

-Prozesua azkar egin litekeela esaten du, arinkeriaz hau ere, ETAren armategien kopuru eta kokalekuen ezagupenik izan gabe, ETAk burutu beharrekoa jazarrita izango litzatekeela aitortu gabe eta prozesua burutzeko zer bitarteko egongo liratekeen esan gabe.

Aurrera begira:

ETAk kritika zorrotzak egin dizkio Eusko Jaurlaritzari agiri honetan. Hala ere, horrek ez du esan nahi konponbideari begira Eusko Jaurlaritza baztertu nahi duenik. ETAk uste du konponbidearen alde eginez gero eginkizun garrantzitsua izan lezakeela; areago, Euskal Herriko hiru lurralderen gobernua kudeatzen duenez gero, horretarako ardura izan baduela. Eta horrela esan genion Iñigo Urkulluri duela bi urte.

Ordutik hona gertatutakoak gertatuta, ETAk bere jarrera berrikusteko dei zintzoa egin nahi dio. Hau al da datozen belaunaldiei utzi nahi dien herentzia? Emaitza ikusita, benetan uste al du bide onetik diharduela? Benetan uste al du, Iñigo Urkulluk esan bezala, elkarbizitza Espainiako Gobernu Ordezkari aingerutar eta ezkerreko deabru independentisten kontakizunaren arabera eraiki daitekeenik? Hau al da konponbidearen alde egin dezakeen guztia?

Seguru aski Eusko Jaurlaritzak soilik ez, eragile guztiok berrikusi beharko genuke gure jarduna. ETA prest dago ariketa hori egiteko, denon artean oraingo egoera irauli eta adostasunetara iriste aldera, Euskal Herriaren etorkizuna bakean eta askatasunean eraiki ahal izateko. Eta jakin dezala Eusko Jaurlaritzak, konponbidea arrazoizko bideetatik bultzatzeko prest baldin badago, ETAren eskua elkarlanerako luzatua aurkituko duela.

Aurrerabideak bilatu behar dira, oraingo egoerarekin etsi gabe. Ikuspegi horretatik, EH Bilduk “Bakerako Euskal Bidea” proposamenaren aurkezpenarekin erakutsi duen jarrera nabarmendu nahi du ETAk. EH Bilduren proposamenak gatazka politikoaren ondorioak gainditzeko osagaiak biltzen ditu eta egiazko arazoak konpontzeko arrazoizko bideak proposatzen ditu. Proposamen bakoitzaren inguruan ñabardurak egin daitezke, baina elkarrizketa zintzo eta eraikitzaile bat zabaltzeko aukera eskaintzen duenik ezin da ukatu.

Testuinguru honetan:

ETAk bere armategien zigilatze prozesuarekin aurrera jarraituko du. ETAk badaki prozesu hau beste baldintza batzuetan garatuko balitz ez lituzkeela egun dituen ahulguneak izango eta prest dago nola hobetu daitekeen aztertzeko. Hala ere, oroitarazi nahi du prozesu honek izan ditzakeen gabeziak, batez ere, Espainia eta Frantziako Gobernuen jarreratik eratortzen direla.

Edonola ere, prozesu hau ikusmira eraikitzailetik hartzeko deia luzatzen diegu euskal eragile politiko eta sozialei, eta Eusko Jaurlaritzari bereziki, arerio politikoa erasotzeko huskeriak bilatzen hasi gabe. Gabeziak gabezia, garrantzitsuena baita, Estatuen jarrera ezkorra izanagatik ere, prozesu hau bukatzerakoan ETAren armategi guztiak zigilatuak egongo direla eta ETAren armen auzia bideratzen hasita.

ETAk dei egiten die euskal eragile politiko eta sozial guztiei, eta Eusko Jaurlaritzari bereziki, konponbidearen alde daudenen artean elkarrizketari ekin, gatazkaren ondorio guztiak gainditzeko arrazoizko bideak adostu eta, adostasun horien gainean, bide-orria osatzeko. ETAk uste du oinarri bat jarrita dagoela jada: Foro Sozialaren Gomendioak, abian diren prozesuak (ETAren armategien zigilatzea edo EPPK-k 2013ko abenduko Adierazpenarekin ireki zuen bide politiko eta juridikoa, besteak beste), Eusko Jaurlaritzaren Zuzen Bide proposamena, Baionako Adierazpena edota EH Bilduk aurkeztu berri duen “Bakerako Euskal Bidea”.

Prozesu eta bide-orri horren baitan, ETA prest dago armagabetzerako diseinu partekatu bat egiteko eta gainerako ataletan dagokion ekarpena egiteko.

Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria sozialista!

Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!

Euskadi Ta Askatasuna

2015ko apirilaren 30ean