Asun AGIRIANO
HAUR LITERATURA

Munduaren Hasieran arriskua

Aldi berean euskaraz eta gaztelaniaz kaleratu du Giltza argitaletxeak Mariasun Landaren “Elsa eta paradisua” liburua, Elena Odriozolaren marrazkiekin. Bibliako paradisuaren interpretazio librea, orain dela urte batzuetako “Ipurtargiak paradisuan” ipuinaren ildotik. Kontakizun fantastiko hura agortu barik zegoela, gai berera itzuliz eta umorea eta haur baten egungo arazoak gehituz, ur sakonagoetan sartu gaitu idazleak. Biblia, diote, liburu handia da, kanonikoa eta gaizki ulertua, erlijioarekin bakarrik lotzen bada ere. Ondare garrantzitsua eta ezinbesteko erreferentzia Kultura ulertzeko. «...errespetatu egin dut tradizio judu-kristaua. Tradizio hori galbidean da eta tamalgarria da, besteak beste belaunaldi berriak galtzen ari direlako artea ulertzeko giltza batzuk…». Interesgarria iruditu zaio Mariasun Landa idazle ezagunari Biblia, eta zehazki paradisua, eta munduaren sorrerako berrazalpenaren ideia berreskuratzea. Zinez eskertzen diogu arriskua hartzea eta haur literaturaren ohiko arintasunetik aldentzea.

Kontakizunak irakurketa ugari ditu, kristaua bat, baina ez bakarra, mitologikoa, psikologikoa, eta ludikoa edo errealistagoa ere bai. Interpretazio bakarretik aldenduz, testu zabala eta librea dugu ikuspuntu agnostikotik aurkeztua. Umorez, maitasunez eta errespetuz idatzitako istorioa.

Haur baten begi kurioso eta utopikoak galderaz betetzen direnean hasten da liburua. Elsak bizitzaren aurrean dituen kezkak argitzea nahi du, ezinegona baretzeko laguntza eske dabil, helduago izateko bidean norbaiten bila. Idazle handien obra batzuk ulertu barik, bidean, geratzen diren bezala, istorio honi ere horixe bera gerta dakioke, gai labainkorra aukeratu baitu. Arrisku bikoitza hartu du Landak, irakurlearengan konfiantza osoa jarriz. Liburua, arina itxuran, baina mamitsua edukieran, ez da hitz batean iritzia ematekoa, ez zenbaki batean kalifikatzekoa.

Elena Odriozolak egin ditu marrazkiak, zuri-beltzean, errotuladorea erabiliz. Kontakizuna animalia irudiz betetako hostoek zipriztintzen dute, eta, amaieran, pertsona irudiz betetakoak agertzen dira, guztiak ere paradisua mundu bihurtzeko funtsezko osagaiak. Bukaeran, Elsak sentitzen duen gatazka baretzen denean, intxaurpean elkartzen da lagundu dion emakume misteriotsuarekin. Odriozolak, orduan, bi orrialde hartzen duen ilustrazioa aurkezten du, oroitzapenetan murgiltzeko duen ahalmen handiaz eta kontatzeko mintzaira bereziaz.