Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Hitz asko, hitzordu gutxi

Kanpainan gaude, ostera ere. Antxoarenaz gain, esan gura dut. Lehorrekoa kasu honetan, boto arrantzan beti ere. Halakoxeak dira kanpainak, nahitaez, eta behin apustu horretan sartuta, ahalik eta zintzoen egitea beste biderik ez dago, burua ez ezik, gorputz osoa ere plazako argira agertuz.

Alturako arrantza, bolanta-sarerik gabea, atez ate eta alez ale egina, mezua mezu, hezurra azaleratuz eta azala hezurmamituz, olatuak sortzen dituen kanpaina eta, funtsezkoena, hauteskunde gaua amaieratzat hartzen ez duena; mugarri hartu bai, baina ez muga. Ez da erraza. Eta hau kolpea! Komunikazio teknologia berriena ei duen gizarte honetan gaitza da, oso, ganoraz komunikatzea. Autopista gehiago dago informazioa bera baino.

Beti begitandu zait, esperientzia bidaide, kanpainak politikaren parentesi arteko denbora direla, eguneroko politikak etena hartzen duela kanpainan sartzeko. Telebistako programaren erdiko iragarkiak legez ageri zaizkit kanpainak niri, merkealdiak eta guzti, programaz aparteko zerbait.

Baina benetan inportanteena sekuentzia bera da, egunez egun eta lekuz lekukoa, hauteskunde gaueko argazkia sekuentziaren momentuko oraina baino ez dela. Jakina, etengabe eraldaketarako baldintzak sortzearen alde dagoen baten talaiatik nago, politika dagoena kudeatzeko modu bakarrera lau urtez mugatzen dutenengandik oso urrun.

Eta horra! Hitzen antzerkia egunotako plazetan. Errima erraza eta poto ugari, koloreen gaineko doinu grisean. Hitzak eman egiten dira nonahi, merkeak direlako, gerorako hitzeman nahian edo. Hitzordu gutxi: non, noiz, nortzuk, zer, zelan, zertarako… Kuriosoa behintzat bada pentsatzea sukalde-lan handiena ez dela helbideak adosteko, inkestaren kaleko datuak auskalotzeko baino.

Baina gaur zortzi dudarik ez, antzerkien gainetik bihotza buruarekin bildu, papera ontzira bildu eta bazkaltzera etxera bildu.