Itundu gabeko eskola kristauen alde ari da Baionako gotzaina
Aillet-en agintaldiak dagoeneko arrasto bat utzi du Ipar Euskal Herrian: itundu gabeko eskolen agerpena. Aurten ireki dute balio kristau arras itxiak ardatz dituen zentro bat Biarritzen. Bigarrena bidean izan liteke Uztaritzen. Horren diru bilketa kanpaina hasia da.
Botere publikoen esku-hartzeak beren ideologiari traba egiten diola iritzita, Aillet Baionako gotzaina eta ingurukoak itundu gabeko eskolak sustatzen ari direla erakutsi du Mediabask astekariak burututako ikerketa lan batek. Artzapezpikutzaren jarrera ofiziala bestelakoa da: eskola horiek «eliztar batzuen» ekimenak direla argitu eta beraiek laguntza pastorala besterik ez diela ematen esan du, «edonori» emango lioketen gisan. Harria bota eta eskua ezkutatzen ari litezke, ordea.
Ikasturte honetan ireki dute Cours Cestac zentroa Biarritzen. Itundu gabeko ikastetxe katolikoa da, eta beraz, bertako eduki pedagogikoek ez dute erakundeen bermerik. Horrek egiten du ezberdin gainerako zentro katolikoetatik. Sei haur dabiltza han Haur Hezkuntzan nahiz Lehenean. Maiatzaren 31n Baionan santu egingo duten Louis Eduarde Cestac euskal herritarrak ematen dio izena zentroari. Datorren kurtsorako bi irakasle kontratatu asmo dute.
Ailleten itzala
Interesa izan lezaketen gurasoei ikastetxeak bidalitako oharrean, Marc Ailleten babesa dutela diote argi. Arretarako ageri den telefonoak ere artzapezpikutzaren atera darama: gotzainaren eskuin beso eta bertako langile Guillaume Alançon-en sakelakoaren zenbakia jarri dute.
Elizbarrutian komunikazioaren eta behatoki soziopolitikoaren arduradun Olivier Drape, bestalde, Ailleten eskutik egungo kargura iritsi aurretik, Ichtus erakundearen buru izana da hamasei urtez.
Ichtus erakundeak itundu gabeko eskolen alde egiten du, programa publikoek ezarritako edukien kontrola saihesten duelako. Ichtusen ustez, «mendea» darama Estatuak laikotasunaren izenean eskola katolikoarekin gerran. Horren adibide dituzte generoaren teoria deitzen diotena edota Korana geletan erakutsi beharra. Muturreko jarrera horiei hauspoa ematen ari da Ailleten taldea.
Apaizen artean, baina, entzun da aurkako ahotsik. Joan den asteburuan, Jean Pierre Cachenaut Donapaleuko (Nafarroa Beherea) apaizak eliztarrei oharra egin zien, igandeko sermoiaren pulpitua baliatuz. Kontuz ibiltzeko esan zien fededunei, «batzuk» Elizaren izenean dirua eskatzen dabiltzala-eta.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
