«Horizon», Dai Koyamadaren blokeko proiekturik gogorrena
Japoniarrak Hiei mendian (Japonia) dagoen «Horizon»-en korapiloa askatzea erdietsi berri du. Bloke hori egin ahal izateko, hiru urtebehar izan ditu, eta adierazi du inoiz egin duen blokerik gogorrena izan dela. Koyamadak dio 8c+ izan daitekeela, eta, agian, 9a.
Dai Koyamadak berriro ere lerroburuetara salto egin du. Japoniarra behin baino gehiagotan igaro da orri hauetatik; izan ere, munduan zehar blokerik zailenetarikoak egin ditu. Bai, Koyamada boulderrean dagoen munduko espezialista indartsuenetarikoa da, eta bere lekua berriro aldarrikatu berri du.
Oraingoan, etxean jardun du. Hiei mendian xede handi bat zuen. “Horizon” izena du, eta superproiektu hori askatu ahal izateko hiru urteko lana behar izan du! Graduari buruz, asko hausnartu ondoren, japoniarrak dio V15+ (8c+ Fb eskalan) izan daitekeela. Eta ez du baztertzen V16 izatea (9a). Horrela bada, Koyamadak ziur aski bere ibilbidean beste urrats kualitatibo zein kuantitatibo bat egin du. Eta badirudi “Horizon” bihurtu daitekeela munduko blokerik zailena. Hori bai, 9a bezala geratuko balitz; izan ere, zailtasun horretako lehen blokea izango litzateke.
Japoniarraren libretan dauden muturreko blokeak ugari dira. Azken hamar urteotan, adibidez, 8c graduko hamabi bloke egin ditu. Horien artean da “polemika” sortu zuen “Story of two worlds low start” (Cresciano), 8c+ izan daitekeena. Beste hamaika blokeren artean batzuk Mendebaldekoentzat ezagunak dira eta beste batzuk ez. Azken horiek Japonian bertan poltsikoratu dituelako.
Baina jorra dezagun Koyamadak “Horizon” blokean egin duen lana. Argazkiei erreparatzen badiegu, segituan ohartuko gara, gutxienez, granitozko oso bloke estetikoa dela. Ikusten den legez, haren erdian ageriko artesi bat ikusten da; hain zuzen ere, sabai baten azpitik sortzen dena. Sabaia gainditu ostean, oraindik eroria duen bost metroko plaka bat gainditu behar da.
Hiru urte
“Horizon” blokearen aurkezpena egin ondoren, Koyamadak lerro batzuk idatzi ditu lortu berri duen goi mailako jarduerari buruz: «Azken bolada honetan Kyushun ibili naiz, Hiei mendian dagoen Otani izeneko sektorean. Superproiektu hau lehen aldiz duela hiru urte ikusi nuen. Jinnai-sanek eremu horretara eraman ninduen, eta bat-batean sabai ikaragarri bat zuen arroka handi batekin egin nuen topo. Txundituta geratu nintzen! Izaera horretako granitozko bloke bat ez nuen inoiz ikusi. Helduleku piloa zituen, eta denak segidan. Gainera, hara hurbiltzeko bidea nahiko erosoa da, eta eite horiek guztiek asko animatu ninduten. Inolako zalantzarik gabe, xede horretan murgildu nintzen. Lehen saioak egin nituenean, espero baino askoz ere gogorragoa iruditu zitzaidan. Eta, beraz, zaila zen soilik helburu horretan zentratzea; izan ere, buruan beste batzuk nituen».
Japoniarrak aitortu du ere proiektu horrek zituen baldintzak ez zirela inondik ere egokienak: «Euria egiten zuenean, sabai batek babesten bazuen ere, artesia blai eginda geratzen zen. Ekinaldi askotan artesia erabat heze zegoen, baina saiatu behar nintzen. Gogor jarraitu nuen borrokatzen, eta mugimendu zein sekuentziak probatzen ari nintzela, oso sasoiko jarri nintzen. Iaz, bidaia laburra egin nuen, eta sekuentzia guztiak atera nituen; hori bai, bi zatitan banaturik. Hilaren hasieran, aldiz, lortu dut helburua. Egun ezberdinetan bost saio serio egin nituen, eta azkenekoan ia dena ondo egin nuen».
“Horizon”-en graduari buruz adierazi du asko hausnartu duela eta asko kosta zaiola proposamen bat egitea: «Inoiz egin dudan zailena izan da, eta agian 9a (V16) izan daiteke. Baina hori baieztatzeko ez daukat erreferentzia nahikorik. Ziur naiz gutxienez 8c da, eta kontu handiz 8c+ proposatzen dut. Ez dut gustuko eskalada zenbaki eta letra batzuetara mugatzea, askotan eskalada bera zikintzen dutelako. Eta nik, beste batzuek ez bezala, soilik eskaladan zentratu nahi dut, eta ez proposamen hotz batean».

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
