Aiert GOENAGA
ZURI-GORRIEN ORROAK

Atera kopa bat, mozkortu nahi dut eta

Atera kopa bat mesedez, mozkortu nahi dut eta. Ez diot irrazionaltasun honetan erreparatzeko esaten didan ahots horri kasurik egin nahi. Futbolaren alde basatiaz ahaztu nahi dut behingoz. Bere frustrazio eta arazoak oihuka kanalizatuko dituen jende olde horren artean galdu nahi dut eta atera kopa bat, mozkortu nahi dut eta. Ez dut buruan izan nahi, munduan zehar bere filosofiagatik erreferente den talde honek, euskararen alorrean oso filosofia motza duela. Euskaraz jokalari guztiek ez egitearen erantzuleak San Mames azpian bizi omen den Bixenta satorrak euskaraz dakiela harro esaten duten berdinak direla ahaztu nahi dut. Are gehiago Bixentaren kontuak Idoia Mendiak euskara intimitatean praktikatu behar dela dioen teoriarekin bat datorrela oroitzean. Ze askoz errazago da lur azpian bizi den sator batek bere intimitatean euskaraz egiten duela esatea, bizi osoa Lezaman pasatu zuen Fernando Llorenteri taldearen ereserkia ikastea eskatzea baino. Baina ateradazu kopa bat mesedez, mozkortu nahi dut eta.

Mozkortu nahi dut bai, San Mames berri honen aurrean. Pertsonak helburu izan eta berauek etxe gabe gelditzean arazoa konpontzeko dirurik bideratu ez dela oroitzean trago luzeagoa botako diot katxiari. Beraien omenez akaso, neure kontraesana ito nahian ziur aski edo irrazionaltasunari zor diodan partea eskainiaz. Berdin dio, ze mozkortu nahi dut, beraz atera kopa bat lehortzen nago eta.

Ez dut basamorturik gurutzatu hain lehor eta egarri izateko. Baina, basamortuaren metafora egokia da talde zuri-gorriaren ibilbidea. 30 urteko trabesia eta bost oasitan geltokia. Ea ez dugun hau seigarrena, ea basamortuaren beste ertza bilatu zutela kontatzen diguten igande goizeko egunkarietako kronikek. Zenbat harea bidean. Imajinatze hutsak zintzurra lehortzen dit. Atera kopa bat mesedez, mozkortu nahi dut eta. A! Eta bide batez hartu txustarri, San Mameseko belarra ordainduta baduzu ere sekula ez duzu eta erreko.

Basamortuaren kontuak etxegabetu eta gainontzeko guztiak istant batean ahaztaraziko dizkit eta burua altxatzean hor jarraituko duzu, San Mames. Eta zure izena irakurriko dut letra larritan. Garai hauetan, guztion dirutik 150 milioi euro ipintzen duten erakunde laikoek nola onartu zuten galdetuko diot neure buruari, nahiz eta erantzuna jakina izan. Teodoto eta Rufinaren semeaz oroituko naiz, bizkaitarrokin zerikusirik ez zuela ere oroituko dut, are gutxiago futbolarekin. Eta berriz berotasun bat nabarituko barrenenean. Amorrua da? Alkohola akaso? Ez dakit, inguruan entzuten dudan “loroloro” sakon eta mamitsu horren letra asmatu zuena ezagutzeko parada badut galdetuko diot, ziur berak badakiela. Banoa bere bila.

Bitartean, atera kopa bat mozkortu nahi dut eta.