GARA
BILBO

Harrobia Ikastolak prest dauka Bilboko bihotza irabaziko duen Ibilaldia

Hamaika ekitaldi, musika eskaintza zabala, bertsolaritza, umeentzako ikuskizunak, festa giroa, desafioak eta abar luzeko egitaraua prestatu du Harrobia Ikastolak etzirako, Bilboko bihotza irabazteari begira.

Bizkaiko ikastolen jaiak Bilboko bihotza hartuko du bihar eta Harrobia ikastolan izango du epizentroa. Aurtengo Ibilaldiaren anfitrioia itundutako lanbide heziketako zentro euskalduna da eta Kirol Irakaskun- tzetarako ikastola baimendua. Hori dela-eta, aurtengo Ibilaldiak lanbide heziketarako ekipamenduak, prestakuntza espazioak eta zerbitzuak hartzen dituen eraikin berrirako finantzabidea lortu nahi du egun handian, eta horretarako, helburuaren tamainako jaia eskainiko du, Bizkai osoko mila laguntzaile inguru izango dituena.

Ibilaldiaren hasiera 10.00etan izango da, ikastolan bertan, baina 15 minutu lehenago “Erronka” izeneko dinamika jarriko da martxan Miribillako kiroldegiko atean, eta horrek hainbat kirol proba barreiatuko ditu gune eta momentu ezberdinetan.

«Langile euskaldunen harrobia sustatu» nahi duen zentroak “Harro ibili” leloa zabaldu du jaian parte hartzera dei eginez, eta hainbat lagun eta eragile omenduko ditu euskararekin hartutako konpromisoengatik.

Jai egitarauari dagokionez, eskaintza zabal-zabala da eta sei gune izango ditu: Ikastola, Marairen Bihotza, Miribilla, Areatza, Guggenheim, Erripa eta Bilborock. Azken hau ez da berez gune bat, baina ezaugarri bereziak ditu. Izan ere, bertan gazte musika taldeen emanaldia izango da Etorkizun Beltza, Hozten, Karla eta Elisa eta Ukan taldeekin. Aurtengo Ibilaldiaren kanta egin duen Zea Mays taldeak Miribillan joko du igandean, baina horrez gain, egitarauak euskal musikaren ordezkaritza zabala proposatzen du. Besteak beste, Itziarren Semeak, Korrontzi, Oihan Vega, Trikizio, Sigi Saga edota Urtz iragartzen ditu iganderako egitarauak.

Bestelako ekitaldiak aipatzearren, harri-zulatzaileen desafioa izango da igandean, Harrobi Plazan (12.00etan), puzgarriak, Elhuyar-en Esperimentuak Tailerra, rokodromoa edota Kale Dor kayiko ijito elkartearen standa.

Kaiku esneki enpresak Euskal Herriko Ikastolekin akordioa sinatu du, eta Ibilaldian haurren sailean izango du presentzia. Euskal baserrien erara girotuta, bereziki umeentzako diseinatutako gune bat izango da, non jolasen bidez txikienek elikatze egoki eta orekatua izateko argibideak jaso eta behi bat nola jezten den esperimentatu ahalko duten.