GARA
BILBO

Sarrionandiaren «Narrazio guztiak», Klasikoen Irakurraldi Jarraituan

Joseba Sarrionandiaren “Narrazio guztiak (1979-1990)” liburuari eskainiko dio Bilbo Zaharra euskaltegiak Klasikoen 8. Irakurraldi Jarraitua. Hitzordua Bilboko Arriagan izango da, ostiralean, 08:00etatik 20:00etara.

Aipatu liburua Elkar argitaletxeak kaleratu zuen 2011. urtean. Bertan, idazlearen 80ko hamarkadan argitaratutako hiru ipuin-bilduma bildu ziren: “Narrazioak” (1983), “Atabala eta euria” (1986) eta “Ifar aldeko orduak” (1990), baita liburuetan bildu gabeko zenbait ipuin ere. Guztiak goitik behera berrikusi, zuzendu eta berridatzi zituen idazle iurretarrak edizio berri horretarako.

Jardunaldiak

Bestetik, gaur abiatuko dira “Joseba Sarrionandia 35 urte idazten” jardunaldiak, Bernardo Atxagaren “Deserri eta kartzela poemak” hitzaldiarekin.

Bilbo Zaharrak antolatzen dituen jardunaldi horietan hizlari gehiagok ere hartuko dute parte. Bihar, Juan Jose Ibarretxe eta Karmelo Landa ariko dira solasean. Azken hitzordua ostegunean izango da, Aiora Jaka eta J.E. Urrutia Capeau-rekin. Hitzaldi guztiak Euskaltzaindiaren egoitzan izango dira.