Xabier ALZELAI
Proba ingeniaria
Bat Formula

Akatsak

Zeresan handia eman du Mercedesek Monakon egindako akatsak, Hamilton irabazteko aukerarik gabe utzi zuenak. Egileak bere irakurketa egin du, Kanadako lasterketaren atarian.

Mercedesek Hamiltonekin Monakon egindako hanka sartzea historikoa da. Ferrarik Alonsorekin 2010ean Abu Dhabin egindakoaren osteko akats nabarmenena. Orduan Ferrariren erabaki desegoki batek Alonsoren txapelketa suntsitu zuen. Monakon Hamiltonek puntu sorta on bat oparitu zien Rosberg eta Vetteli, baina gauzak asko aldatu beharko dira Hamiltonek txapelketa ez irabazteko. Hasiera batean, telebistan ikusi zenari jarraituz, mundu osoa ohartu zen egindako akatsaz. Gertatu zena gertatuta, sakonean begiratuz, erabakia ez zen hain garbia, ala beharbada bai.

Nik erabaki behar banu, pilotuari jarraitzeko eskatuko nioke gurpilak makalduta baleude ere, 12 bira soilik falta zirelako eta Monakon aurreratzea praktikan ia ezinezkoa delako, aurreko pilotua motelagoa izanda ere. Bide hori hartuz gero, erabakia erraza zen. Pneumatikoak guztiz bukatuta daudela suposatuz eta benetako aldatzeko beharra ulertuz gero, kalkulatzen hasi beharra dago. Gertatu zena horrela laburbilduko nuke: 12 itzuliren faltan Verstappenen istripuaren ondorioz hasieran Safety Car birtuala abian jarri zen. SC birtualarekin autoen arteko distantziak eta denborak mantentzen dira. 30 s-ren ondoren safety car autoa martxan jarri zen, istripuaren gunean zirkuitua guztiz garbitzeko. Safety Car birtuala mantendu izan balitz, posible da Hamiltonen gurpil aldaketarako 27 s-ko abantaila nahikoa izatea.

Gauzak une honetan hasi ziren okertzen Hamiltonentzat: SC autoa Mirabeau eta Tabac artean aurkitu zuenean. Tarte horretan Hamiltonek 9 s inguru galdu zituen Rosbergekiko, zeinak oraindik SC autoa topatu ez zuen. Igerilekuaren gunean, Tabac eta boxetako sarrera artean, beste 2 s inguru galdu zituen. Bitartean Rosbergek SC autoaren bila jarraitzen zuen, baina SCa bera baino abiadura azkarrago batean. Egoera hori ez zuten Mercedesen behar bezala kalkulatu. Beraz, Hamilton boxera sartu zen unean bere abantaila erreala 27 s-tik 10 s ingurura jaitsi zen, ia bat-batean.

Lasterketa egoeran, 1F-ko aldaketa batean 22 s inguru galtzen dira. Safety car egoeran 15 s inguru dira galtzen direnak. Ondorioz, Vettelen atzetik bueltatu zen zirkuitura. Beste edozein zirkuitutan kalkulu hau egitea beharrezkoa da, baina bereziki Monakon, aurrez aipatutako arrazoiagatik, kalkulua aurreztea bidezko aukera litzateke.

Monakon gertatu zenak txapelketa puntu interesgarri batean utzi duen arren, Rosbergek gauza dezente aldatu behar ditu txapelketa irabazteko benetako aukera izateko. Orain arteko denboraldiko emaitzei begiratuz, Hamiltonek beste maila bat erakutsi du. Rosbergek Bartzelonako eta Monakoko garaipenekin lortutako goraldia erabili behar du egoerari aldaketa bat emateko, 2014ko uda hasieran egin zuenaren antzera.

Datu historikoei begiratuz, 2013an Hamiltonek denboraldiaren lehen 4 sari nagusietan 50 puntu batu zituen, Rosbergen 12en aurka. Beraz, Mercedesen batera daudenetik Hamilton urtero izan da Rosberg baino indartsuagoa denboraldi hasieran. 2014arekin alderatuz, aurtengo Rosbergen batez besteko “Quali”-ko emaitza hobea da (2014: 2.75; 2015: 2.5), eta batez besteko polearekiko distantzia ere zerbait hobetu du (2014: +0.497 s, 2015: 0.440 s). Lasterketa amaierako distantziak alderatuz gero ere, alemaniarrak aurrerapauso bat eman du (2014: +12.361 s, 2015: 2.692 s).

Hamiltonen 2014ko ahulguneetako bat hau zen: Q3ko lehen saialdian Rosberg baino motelagoa bazen, gero ez zuen lortzen bigarren saialdian egoera horri buelta ematea, presiopean akatsak egiten zituelako. Aurten Lewis Hamilton Q3an presiopean askoz indartsuago azaltzen ari da.

Non irabazi du Hamiltonek aurten? Irrati-komunikazioaren debekuak Rosbergi kalte handiagoa egin dio, oso ohituta baitzegoen bere ingeniariaren aginduak eta aholkuak jasotzen. Pirellik aurtengo atzealdeko pneumatikoari egonkortasun handiagoa eman dio, eta litekeena da hori Lewis Hamiltonen gidatzeko estiloarentzat lagungarriagoa izatea.

Aldaketa nabarmen bat aurkitzeko sakonera begiratu behar da: balaztak. Hamiltonek hornitzailea aldatu du atzealderako, Brembotik Carbon-Industriera pasatuz. 2014an Carbon-Industrie zeraman aurrealdean eta Brembo atzealdean; aurten Carbone-Industrie bietan. Balaztatze maniobra beti izan da Lewis Hamiltonen puntu indartsuenetako bat, eta horretarako konfiantza oso garrantzitsua da.

Zer egin behar du Rosbergek txapelketa irabazteko? Argi eta garbi bere “Quali”-ko erritmoa berreskuratu behar du, 2 itzuli perfektu eskuratuz. Alderdi psikologikoa arma bezala erabiltzen saiatuko da alemaniarra, Hamiltonen gogo-aldartea bere emaitzen araberakoa baita. Monakokoa bezalako egoera baten ondoren, Hamiltonen taldearekiko konfiantza kolokan egon liteke eta Rosberg egoera hori erabiltzen saiatuko da, beharbada horretarako eskuak apur bat zikinduz.

Hamiltonek emaitza oso onekin hasi du 2015a, baina zirkuitu gutxitan izan da nabarmenki nagusi. Rosbergentzat alde ona, datozen lasterketetan iaz pole, garaipen eta puntu dezente lortu zituela, datorren zirkuitu sekuentzia ona dela beretzat. Rosbergek “Quali”an bere lehengo erritmoa berreskuratu behar du, Hamilton benetako presiopean ezartzeko.