Maria Apellaniz eta Bea Martxueta
LAB sindikatuko Gaituak Arloko arduraduna eta Politika Sozialetako idazkaria
KOLABORAZIOA

Denok langile garelako aukera berak behar ditugu

Enpleguak bidea zabaltzen du ekonomian, gizartean eta kulturan parte hartzeko. Halere, lan merkatuak ez du beti berdin jokatzen, eta aniztasun funtzionala duten pertsonak baztertuak dira. Horregatik, Europako administrazioek zenbait neurri hartu dituzte lan merkatua arautzeko eta bazterketarekin bukatzeko: Lan erreserba da garrantzitsuena. Arlo pribatuan eta publikoan dagoen araua da, baina ez da betetzen. Legeak hor egonik ere, aniztasun funtzionala duten pertsonak lan merkatutik baztertzeak agerian uzten du gure enpresarien eta instituzioen erantzukizun sozialaren maila: ezin eskasagoa.

Hego Euskal Herriko lan egoerari begiratuz gero, argi ikusten da aniztasun funtzional bat duten pertsonek lan gutxi eta ezegonkorra dutela. Lan egin nahi eta ahal duten asko langabezian daude, eta lanean ari diren asko soldata baxuagoko lanetan zein mailaz igotzeko aukera gutxi ahalbidetzen dituzten lanpostuetan ari dira. Aurreko urteetan egindako zenbait ikerketa kontuan hartuta esan daiteke enplegu tasa %35 ingurukoa dela. Datuak konparatzen baditugu lan egiteko adina duen populazioa oro har hartuta agerian geratzen da 2013an, Gaindegiako datuen arabera, jarduera tasa %70ekoa zela, eta enplegu tasa, berriz, %59koa. Nabarmena, beraz, dagoen aldea.

Argi dago aniztasun funtzionala duten pertsonen lan egoera askoz ere prekarioagoa dela lanean ari den populazioak oro- korrean bizi duena baino, jarduera tasa askoz baxuagoa baita eta langabezia tasa, berriz, askoz altuagoa. Bestalde, kontuan hartzen baldin baditugu generoa, ezgaitasun mota eta gradua aldagaiak, zenbait kolektibo askoz okerrago daudela ikusiko dugu, batez ere aniztasun funtzionala duten emakumeak, desgaitasun intelektuala dutenak eta minusbaliotasun gradu handienak dituztenak. Horregatik guztiagatik, salatu nahi dugu gaur egungo lan politiketan ez dela kontuan hartzen aniztasun funtzionala duten pertsonen egoera, ez direla kontuan hartzen bizi dituzten lan baldintzak eta beharrak. Kolektiboari begirako enplegu duina, kalitatezkoa, ez da sekula lan politiketako agendetan egon eta, ondorioz, milaka langileren egoera prekarioa da, eta lanik ez duten beste hainbesteren egoera esklusioa eta pobrezia da.

Enplegu Zentro Bereziak saiatu dira hainbat hutsune eta gabezia estaltzen. Langile askoren prestakuntzarako ezinbesteko gune izan dira. Baina era berean, agerian utzi nahi dugu Enplegu Zentro Berezietatik lan arruntera doazen langile kopurua benetan txikia dela, langile askoren lan irtenbidea mugatu egiten dutela. LABen iritziz, Enplegu Zentro Bereziek ez dute zertan izan ezgaitasuna duten pertsonen lan aukera bakarra, ez baitute ziurtatzen lan merkatu arrunterako zubi lana. Gure ustez, kolektiboaren laneratzerako politikak bideratu behar dira lan merkatu arruntera, eta horretarako lan enklabeak eta laguntza bidezko metodologia izan behar dira oinarri.

Hori dela eta, gure apustua da enplegu plan baten alde egitea, aniztasun funtzionala duten pertsonek lan merkatu arruntean lanean aritzeko, behar diren kasuetan laguntza bidezko metodologia baliatuz. Administrazio publikoak eta enpresa pribatuak izan behar dira kontratatzaile nagusiak, enplegu sortzaileak; aniztasun fun-tzionala duten pertsonak lan egiteko bideak zabaldu behar dituzte, jendartean, lantegietan gurekin lan eta bizi daitezen. Garapen inklusiboa izan nahi badugu, jendarte kohesionatua nahi badugu, ezinbestekoa da pertsona guztiek aukera berak izatea. Horretarako, baina, herritar guztiek izan behar ditugu ahalmen eta aukera berak, inolako trabarik gabe lan merkatuan parte hartzeko. Aniztasun funtzionala duten pertsonek ate guztiak izan behar dituzte zabalik lantokietan aritzeko, prestakuntza jasotzeko eta hala eskatzen duten kasuetan egokitzapenak egiteko. Eredu berri bat behar dugu, egungo gizarte aurreratuen printzipio eta moldeetara egokitua.

Hego Euskal Herrian aniztasun funtzionala izan eta lan egiteko adina duten pertsonak langileriaren %4 dira, eta horie- tatik ehuneko handi baten egoera bat-bateko gertaera baten ondorioa izan da, gutako edozeini gerta dakiokeen bezala. Horregatik, aniztasun funtzionala duten langileen eskubideak langile guztien eskubideak dira, eskubide kolektibo bat da, negoziazio kolektiboetan presente egon behar den eskubidea.

Aniztasun funtzionala duten pertsonen eskubideak defendatzea langile ororen eskubideak defendatzea da, eta horren alde egingo du LABek, beti ere, aniztasun funtzionala duten pertsonen ahotsa izateko asmoarekin eta Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideen aldeko Nazio Batuen Konbentzioaren printzipioarekin bat: desgaitasuna duten pertsonen aldeko ekimenik ez, beraien hitza eta erabakia kontuan hartu gabe.