GARA
BILBO

Selektibitate «basati, zentzugabe eta espainolista» salatu du IAk

Selektibitate proba gaitzetsi du Ikasle Abertzaleak sindikatuak. Salatu duenez, unibertsitateko ikasketak egiteko gainditu beharreko proba honek erabat baldintzatzen du ikasleen etorkizuna, antipedagogikoa da, eta «eduki eta nortasun arrotzak, patriarkalak eta neoliberalak inposatzen ditu».

Nafarroan 2.880 ikasle egiten ari dira egunotan selektibitate proba, eta Bizkaian, Gipuzkoa eta Araban hurrengo astean egingo dituzte azterketak, hilaren 10, 11 eta 12an. Proba honen harira, Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak salatu du proba hauek ikasleak «itotzen» dituztela, Ipar Euskal Herrian baxoak eta Lomcek ekarriko dituen errebalidek bezala.

«Paper zuri baten aurrean jarri eta ikasleok memorizatutakoa bertan adierazi beharko dugu, bakoitzak ‘balio duena’ zehazteko», eman du aditzera erakundeak.

«Selektibitatearen aurka gaude, ikasleon bizi espektatibak mugatzen dituztelako, azterketan ateratako zenbaki hutsak (notak) determinatuko baitu etorkizunean izango garena», aipatu du IAk beste hainbat arrazoiren artean. Gaineratu duenez, «erabat antipedagokioa» ere bada selektibitatea, «memorizazio lan itogarri eta antzua egitera» behartzen dituelako ikasleak, hiru egunez norbanakoen urteetako ikasketa prozesua ebaluatzeko.

Eduki eta nortasun «arrotzak»

Proba horien aurkako argudioekin jarraituz, IAk kritikatu duenez, «emaitzak soilik bilatzen» ditu, ikasleen arteko lehiakortasuna sustatzen du eta «ikasle robotizatu, akritiko eta sumisoak» sortzea du helburu. Bestetik, «eduki eta nortasun arrotzak, patriarkalak eta neoliberalak inposatzen ditu», erakundearen iritziz, selektibitatea «sistemaren beharretara egokitutako proba delako, ez ikasleon beharren araberakoa».

Era berean, IAk ohartarazi du «Lomce legeak eta EAJren Heziberri planak masifikatuta eta zabalduta» ekarriko dituztela errebalidak, eta bidea desobedientzia eta alternatiben eraikuntza dela adierazi du.