Jon LEUNDA
Urrezko aizkora

Iñaki Azurmendik iraupen proban erabaki du finala

Azkeneko probara oso alde txikiarekin iritsi ziren hiru finalistak, eta oinbikoak erabaki zuen auzia.

Iñaki Azurmendik irabazi zuen Buruz Buruko Urrezko Aizkora, finalean Aitzol Atutxa eta Donato Larretxea mendean hartuta. 500 ikusle inguru batu ziren neurketa zuzenean ikusteko. Honekin, aurreneko aldiz irabazi du Urrezko Aizkora Azurmendik, eta falta zitzaion txapel bakarretakoa jantzi ahal izan zuen.

45 ontzakoa erlojuz kontra ebakiz abiatu zen finala, eta Larretxea izan zen horretan onena. 58 segundoan burutu zuen lana, eta hamaika segundo atera zizkien bere bi aurkariei, denbora berean amaitu baitzuten enborra.

Bigarren lanean, bakoitzak bi kana-erdiko ebaki behar zituen, eta berriro ere berdinketa izan zen Atutxaren eta Azurmendiren artean, bakoitzak bi minutu eta 52 segundo behar izan baitzituen lanak bukatzeko. Larretxeak, aldiz, lau minutu eta 26 segundo.

Azkeneko proban, aizkolari bakoitzak bi 45 ontzako, bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar izan zituen, eta norgehiagoka oso polita izan zen. Ikusleek saioa proba honetan erabakitzea nahi zuten, eta emozioa izatea nahi zuten, eta azkenean bai bata eta bai bestea, dena ikusi ahal izan zuten. 45 ontzakoekin hiru aizkolariak parean aritu ziren, baina kana-erdikoa agertu zenean, Larretxea izan zen atzean geratzen hasi zena.

Bolada batez segundoren bat edo besteko aldea lortu zuen Atutxak, baina ezinezkoa zuen Azurmendi atzean uztea, Arriarangoak ederki eusten baitzion. Horrela iritsi ziren oinbikoetara, eta hortxe erabaki zuen Azurmendi gipuzkoarrak. Tamaina horretako enborretara bikain moldatzen da Iñaki, eta zuloa egitea lortu zuen, eta azkenean erabakigarria izan zen hori.

Azurmendik alde hori handitzen jarraitzen zuen, eta azkenean Atutxak etsi ere egin zuen, eta txapela Arriaranera joan zen. 26 minutu eta 2 segundo behar izan zituen lan horiek bukatzeko. Atutxak, berriz, minutu eta 55 segundo gehiago behar izan zituen, eta Larretxeak lau minutu eta bi segundo gehiago behar izan zituen.

Lan guztiak burutzeko, 30 minutu eta 3 segundo behar izan zituen Azurmendik, 31 minutu eta 58 segundo Atutxak, eta 34 eta 59 segundo Larretxeak. Atutxak atzokoarekin bosgarren finala zuen jarraian, baina maila nagusi honetan oraindik txapelik gabe jarraitzen du. Azurmendik, berriz, lehen finala, eta txapela lortu zuen, eta Donato Larretxeak, berriz, atzokoarekin zazpigarren finala jokatu zuen. Hiru txapel dauzka.