Amalur Artola
Kazetaria
IKUSMIRA

Begirada bakoitzaren atzean itsaso bat dago

2012ko abenduan ezagutu nuen Maier. Bere etxeko ateak ireki zizkidan eta, kafe baten aurrean, luze aritu ginen hizketan. Maierrek 24 urte zituen Itxasoz erditu zenean. «Entzefalopatia, gaixotasun metabolikoa… Hasieran ez nuen ezer ulertu. Bartzelonako mediku batek azaldu zidan alabari gertatzen zitzaiona: ‘Irudika ezazu orkestra baten aurrean zaudela; musikari eta instrumentu guztiak daude bertan, baina ez diote zuzendariari kasurik egiten. Horrela dago Itxasoren nerbio sistema&csMarker;’». Medikuek ezgaitasun neurologikoa duela diote.

Itxasok goitik behera aldatu zuen Maierren bizitza. Elgoibartik Bilbora joan ziren biak, haurrak garapenerako laguntza jaso zezan. Arazoak izan zituzten gurpildun aulkia lortzeko. Arazoak taxi bat hartzeko. Arazoak Itxasorentzat zaintzaile bat bilatzeko. Baina, arazo handiena, begiraden atzean topatu zuen Maierrek. «Ezberdin den guztiari begiratzeko dugun modu horrek mintzen ninduen. Edo ez begiratzeak, ondoan duguna ez ikustearen jarrera horrek».

Itxaso eta bere sendiaren tankerako errealitateak ikusarazteko osatu dute orain gutxi estreinatu den “Itsasoari begira” dokumentala. Begiradak iraultzeko. Berea, Itxasok irauli duela ziurtatu zidan Maierrek: «Itxasok umilagoa izaten irakatsi dit. Jendeari begietara begiratu eta den bezalakoa onartzen. Itxasok, naizen bezalakoa onartzen nau. Gauza txikiek duten garrantzia ere berak irakatsi dit; ondo egotea, minik ez sentitzea, lasai egotea…». Halako dokumental txikiak baloratzen ere ikasi beharko genuke. Baita aurrean dugunari begietara begiratzeko adorea izaten ere.