Herritarrekin Sareak Gipuzkoan ehundu duena plazaratu du
Herri mugimendu, ordezkari politiko eta herritarrek parte- hartze esperientziak elkartrukatu zituzten atzo Donostian, Herritarrekin Sarearen II. Topaketan. Partaidetzan lanean aritzen diren 200 bat lagun zeuden gonbidatuta.
Hala banatu zuten eguna: goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako ekintzen aurkezpena; arratsaldean, udalek sustatutakoena, eta amaitzeko, Oscar Rebollo eta Raphael Hoetmer adituen hitzaldiak.
Rebollo irakaslea da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan eta bertako Institut de Govern i Polítiques Publiques (IGOP) institutuko zuzendaria. IGOPek Gipuzkoako Foru Aldundiaren politiken inguruan egin duen kanpo ebaluazioaren arduraduna da. Hoetmer, aldiz, Groningeneko Unibertsitateko (Herbehereak) historiagilea da eta hamar urtez bizi izan da Latinoamerikan. Demokrazia eta Eraldaketa Globalaren Programaren (PDTG) ikertzailea eta hezitzailea da.
Partaidetzan egindako bidea
Aldundiak Euskal Herriko eta, bereziki, Gipuzkoako tokiko erakundeetako eta herri mugimenduetako ordezkariak deitu zituen Kursaalera, lau urteotan partaidetzaren inguruan egin dena elkartrukatzeko helburuarekin. «Gizarte eragile, ordezkari politiko eta administrazioetako teknikariek partaidetzan urratu duten bidea eta etorkizuneko erronkak aztertzeko topagunea izatea nahi dugu», esan zuen Arantza Ruiz de Larrinaga Herritarren Partaidetzako zuzendariak.
Duela bi urte egin zen lehen topaketa, eta orduan, bi urtetan egindako urratsak izan ziren aztergai. Orain, lau urteko ibilbidea amaituta, Foru Aldundiak, udalek eta herri mugimenduek Gipuzkoan ehundu duten sarearen emaitzak ikusteko aukera izan da.
«Aldundian zein udaletan aldaketak izango dira; alderdietan eta pertsonetan. Egin den lana datozen berriei erakutsi eta jarraitzera animatu nahi ditugu, partaidetzan egindako bidean atzera bueltarik ez dagoelako», adierazi zuen Ruiz de Larrinagak.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
