2015/06/15

Gabiriako Eskola Txikien Festak berri on bat ekarri du

Gipuzkoako Eskola Txikien 28. Festa ospatu zen atzo Gabirian, bertako gurasoek antolatua. Berritasun pozgarria ekarri zuen jaiak: Ezkio-Itsasoko eskola txikiak lehenbizikoz hartu zuen parte, joan den irailean ireki baitzituen ateak hamar ikasle eta bi irakaslerekin.

GARA|GABIRIA
0515_eh_gabiria

1991n ospatu zen Gabirian Eskola Txikien Festa eta 24 urteren ondotik berriro elkartu ziren atzo leku berean herriei bizia ematen dieten ikastetxe berezi hauetako lagunak. Urtero egiten duten bezala, eskola txikien komunitatea osatzen duten herri eta auzokideek, festa giroan, eskola herrian edo auzoan izateak duen garrantzia aldarrikatu zuten: “Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik”.

Gabiriako Balentzategi herri eskolan 38 ikasle dabiltza aurten lau gelatan banatuta. Ane Miren Aizpuru zuzendariak jaiaren aurkezpenean azaldu zuenez, kopurua herriaren biztanleriaren arabera aldatzen da: «Bikoiztu egin ginen eta beherantz egitea egokituko zaigu, baina badatoz ale berriak aurrera egiteko. Mendea betea duen eraikuntza sendo eta bereziari bizia ematen jarraitzeko prest gaude». Plazak ume soinuz beteta segi dezan nahi dute, ikasle, irakasle, guraso eta herritarrak bidelagun eta eragile dituztela, Udalarekin batera.

Herri nortasuna sortu

NAIZen “Sakonean” atalean irakur daiteke Gotzon Aranburuk eskola txikiei buruz egindako erreportaje osatua. Bertan, eskola herrian bertan edukitzeak, inguruko herri handiagoetakoetara joan beharrik ez izate horrek, herritarrak sortzen laguntzen duela eta herri nortasuna indartzea dakarrela agertzen da.

Eskola txikiek erantzukizun pedagogiko eta akademikoa ere badute. Batzuei zalantzak sortzen ahal dizkie gela berean adin ezberdinak batzeak. Baina barrutik ezagutzen dituztenek, esaterako Zeraingo eskolako Miren Makibar irakasleak, berehala uxatzen dituzte zalantza horiek. «Ni bestelako eskoletan ere, handietan, aritu izan naiz lanean, eta esango dizut eskola txikian erabiltzen dugun metodologia eta lan egiteko era direla ezagutu ditudan aberatsenak. Noizbait seme-alabarik badut, eskola txikira joatea nahiko nuke, bai horixe», dio Makibarrek erreportajean.