Jaime VALVERDE
ANTZERKIA

Testosterona jokoan

Jakin-min ia antropologiko batetik abiatuta, baina begiratu komiko batez, futbolaren zirrikituetan barneratu da Arantxa Iturbe obra honetan –tira, futbolaren dimentsio erraldoiaren parte txiki batean, beharrez–; alegia, helduen jokaera umeen futbolari dagokionez. Kuadrilla bereko bi gizon juzgatzen diren epaiketa batean hasten da kontua, eta tragedia horretara ailegatzeko gertatutakoak denborazko jauzien bidez kontatzen dira. Emanaldiak barra-barra ditu umorea eta erritmoa, aktoreek daukaten esketxerako eskarmentua antzerki formaturako egokiro baliatuta. Hamabost bat pertsonaiari bizitza emateko lan bikaina egiten dute hirurek, kantitatez eta kalitatez: pintzelkada txikiekin margotuta badaude ere, tankera ederrekoak dira sortzen dituzten arketipoak.

Hori bai, obrak aurrera egin ahala, berehala ohartzen gara beste gai bat azaleratzen dela, lehendabizikoaren ezinbesteko erregai bezala: hain zuzen ere, arren arteko lehiakortasun primarioa. Hala, futbolaren faunari buruzko erradiografia gizonkeria-tipologien zerrendaketa zorrotza bihurtzen da.

Neuri behintzat argi geratu zait irabazteko premia zoroan jendeak iparra galtzen duenean, futbola, berez, gutxienekoa dela. Testosteronaren txotxongilo ganorabakoek berdin-berdin gurtuko lituzkete bestelako kirol, jolas edo zirku jarduerak, potroen tamaina neurtzeko aproposak balira.

Beraz, publikoan barre algarak eragiteaz gain, esan beharra dago obra honek ez duela alferrik galtzen kritika plazaratu eta gogoeta eragiteko beta; izan ere, erakusten diren gizarte-dinamiketan norberak daukan ardurari deiturik bukatzen da lan borobil hau.