2015/06/18

Post-Txillardegi aroa heldu denetz, aztergai «Jakin»-en

Euskalgintzak, euskaltzaletasunak, estatugintzarekin edo abertzaletasunarekin bat eginda jarraitu behar ote duen. Premisa berrien agerpena aldizkarira eraman du «Jakin»-ek zortzi ikertzaile eta adituren gogoeten emaria jasota, eta eztabaida mahai gainean jarri du. Txillardegiren ondorengo aroa heldu denetz aztergai da ale monografiko berrian.

Ariane KAMIO|IRUÑEA
0618_kul_jakin

Aranistek euskaltzaletasuna arrazarekin, odolarekin lotzen zuten. Euskalduna hala zen, jaiotzez, izatez. 1950eko hamarkadan, ETAren eta Ekinen sorreran, loraldi intelektual eta kultural berriaren baitan, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi eta enparauek premisa hura goitik behera aldatu eta molde berri bat indartuko dute. Ordutik aurrera euskara izango da euskaltzaletasunaren eta abertzaletasunaren ezaugarri nagusia. Euskarak eta euskal hiztunek modu normalizatuan bizi ahal izateko burujabetza prozesu baten beharraz mintzatuko dira, euskalduntasuna eta abertzaletasuna bide berberaren gainean jarriz.

Hortik aurrera euskaldunak egin egingo dira, alegia, ikastea eta euskaldun bihurtzea aukera egingarria izango da. AEK, alfabetatze programa eta ikastolen mugimenduaren sorrera izango da orduan.

Azken hilabeteetan berrindartuta ageri den eztabaida da hori, baina premisa berriekin berragertu dena. Hots, euskaltzaletasunari eta abertzaletasunari iritsi zaiela bidea aparte egiteko unea, dibortzioarena. Elkar oztopatzen dutela uste duten pentsamenduak ernatu dira egun; badira ere harago joanda abertzaletasuna eta independentismoa banantzearen aldekoak direnak; independentista izateko ez da abertzale izan behar; independentista izateko ez da euskaltzale izan behar. «Panorama berri bat ageri zaigu. Galdera zaharrak baina formulazio berriekin. Eta orain zer? Post-Txillardegi garai batera iritsi gara? Beste bide batzuk urratu behar dira?», galdetu zuen atzo “Jakin”-eko zuzendari Lorea Agirrek Nafarroako hiriburuan.

Euskaltzaletasuna, non

Hedabideetan, eremu politiko desberdinetan eta kulturgintzan azken hilabeteetan indarrez agertu den eztabaida da eta “Jakin”-ek hiru formatutan heldu dio debateari. “Herria, nazioa, estatua... eta euskararekin zer?” ale monografikoa kaleratu berri du, aurtengo izarra, eta zortzi aditu eta ikertzaileren ekarpenarekin hornitu. «Aldizkarian bildu ditugu euskaltzaletasunetik gehiago doazen artikulugileak eta estatugintzatik gehiago doazenak», gaineratu zuen. Baina ariketa ez da izan pentsamendu bakoitzak bere ideia errepikatzearena; «eskatu diegu jar dadila bakoitza bestearen tokian. Hizkuntzaren normalizazioa hegemonian jarri nahi duen horri galdetu zaio euskarak zein harreman duen estatugintzarekin, eta alderantzizko norabidean berdin».

Zortzikoa da kolaboratzaileen zerrenda: Alaitz Aizpuru, Haritz Garmendia, Koldo Izagirre, Unai Apaolaza, Joxe Manuel Odriozola, Jule Goikoetxea, Eduardo Apodaka eta Idurre Eskisabel. Txillardegiren teoriak bildu eta egungo testuinguruan jarri dira kasu batzuetan (Aizpuru), besteetan euskaltzaletasunaren eta boto abertzalearen korrelazioa izan da aztergaia (Garmendia). Euskara eta erdal hizkuntzen harremana (Izagirre), abertzaletasunaren eta euskaltzaletasunaren banaketa (Apaolaza), balizko banantze batek sortuko lukeen krisi latza (Odriozola), Estatu feministaren baitako eraikuntza (Goikoetxea), subordinatuen artikulazioa (Apodaka) eta “gu” identitarioa (Eskisabel) dira, laburrean, biltzen diren eztabaida muin nagusiak.

Debatea formatu desberdinetara eramango du “Jakin”-ek. “Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdian” ikastaroa egingo du UEUren baitan ekainaren 25 eta 26an Iruñeko Katakrak aretoan. Ale monografikoan ekarpena egin dutenetako asko izango dira parte hartzaileen artean, baita gehiago ere: Joxe Azurmendi, Mario Zubiaga, Xan Aire, Julen Arexolaleiba, Gaizka Aranguren, Andoni Olariaga eta Iñaki Martinez de Luna tarteko. Eztabaida pantailara eramatea izango da azken urratsa. Ekainaren amaierarako dokumental bat aurkeztuko da eztabaida gai nagusitzat hartuta.