2015/06/24

Kronika
LAMPEDUSAKO HARRERA ZENTROTIK
«EUROPA OSOA HORRELAKOA DA?»

LAMPEDUSATIK BOST MINUTURA DAGOEN MIGRANTEENTZAKO HARRERA ZENTROAK ATXILOTZE ZENTROA DIRUDI, KANPOTIK ETA BARRUTIK. ZENTRO IREKIA DELA ESAN ZIGUN ZUZENDARIAK, «TEORIKOKI» ATERA DAITEZKEELA. EZ DA EGIA. «TEORIKOKI»? GALDETU GENION. ASKATASUNA EZIN DA «TEORIKOKI» EDUKI. EGOERA NEGARGARRIA DA LAMPEDUSAN, ONARTEZINA.

Josu JUARISTI
0624_eg_lampedusa1jpg

Ezker-eskuin, gelak, bakoitzean hogei bat ohe, laurogei zentimetro eskaseko tartearekin batetik bestera, ez gehiago, gela «onenetan»

Hiruzpalau ordu besterik ez dira igaro itsasontzitik jaitsi direla, lehertuta daude, gehienak deshidratatuta, eguzkiak azala larri erreta...

Sinn Feineko Martina Andersonek esan behar duen guztietan esaten du, harro, hamahiru urte eman zituela espetxean. Behar duenean, ez gehiagotan eta ez gutxiagotan. Joan zen igandean, goizeko hamarretan, Lampedusako migranteen zentroko gizonezkoen gune itxiaren barruan ginen, harrera zentro baino kartzelatik askoz gehiago duen kanpo honetako patio txiki eta estuaren erdian. Horregatik bere hitz hauek: «Come with me, Josu!».

Mali, Ghana, Boli Kosta, Nigeria, Somalia eta Afrikako eta Ekialde Hurbileko beste hainbat herrialdetako gizonezko gazte talde handi batengana joan eta berehala zirkulu zabal baten erdian ginen. Gazte guztiak bioi begira, Martinari so hitz egiten hasi zenean eta zein ginen eta nondik gentozen azaltzen hasi zenean, Irlandatik bata, Euskal Herritik bestea, eta horrela jarraitu zuen: «Badakigu zer den hau, badakigu zer egin nahi duten zuekin, eta hau esan nahi dizuegu: aktibo mantendu behar dituzue burua eta gorputza, kirola egin, burua sano eta indartsu gorde. Ez utzi leku honi irabazten, ez utzi sistemari eta leku honen zuzendaritzari irabazten. Eutsi, aktibo egon, ekin».

Lampedusako harrera zentroak lau metroko altuera duen metalezko hesi sendoa du buelta osoan; sarrerako garitan, soldaduak; garita pasatu orduko poliziak, pistolekin eta borrekin. Jarraian, lehendabiziko barrakoian, bertan ahal dutena egiten ari diren Save the Childreneko, UNHRCko, Gurutze Gorriko eta IOMko psikologo, aholkulari legal eta orientatzaile sozialak. Barrakoi honen ondoan, harrizko zortzi aulki lerro zabal. Erreskate taldeek itsasotik kaira ekarri eta lehenengo azterketa medikoa pasatu ondoren, hor eserarazten dituzte migranteak, lehenengo banaketak egiteko: gizonezkoak eta emakumezkoak, familiak, adingabekoak, gaixo daudenak. Eta herrialdeka. Banaketarekin batera, mediko baten bigarren begirada.

Ondoren, identifikazioa eta argazkiak (siriarrek edota eritrearrek ez dute nahi izaten askotan, Italian geratu gabe Alemania edo Estatu frantses aldera jarraitu nahi dutelako bidea). Identifikatzeko prest badira arazorik ez, baina ez badute nahi bi bertsio jaso ditugu: ofiziala (berriro eskatu eta ezezkoan jarraitzen badute beste zentro batera aldatu, Siziliara seguru asko; eta han ere errefusatu egiten badute, libre, kalera; «teorikoki»), eta migrante batzuek salatu eta gobernuz kanpoko erakundeek tarteka berretsi dutena (bederatzi poliziaren artean hatz-markak eta argazkiak ateratzera behartu).

Traumatizatuta

Gogoratu, hiruzpalau ordu besterik ez dira igaro itsasontzitik jaitsi direla, lehertuta daude, gehienak deshidratatuta, eguzkiak azala larri erreta, ontzi zaharren gasolioaren gasen ondorioz gorputza erredura kimikoz josita; itsasoan bi edo bost egunez eta Libian hilabete amaigabeetan pasatakoa eta gero, asko eta asko traumatizatuta. «Bizirik bilatzen ditugu asko, bai, baina itsas hondoan milaka eta milaka daude; miraria da ontzi zahar eta itsas zabalerako egokiak ez diren horiekin itsasaldi horretatik bizirik ateratzea», aitortu zigun larunbat arratsaldean Lampedusako Guardia Costierako komandanteak berak, Giuseppe Cannarilek.

Gehienak ezer gabe iristen dira kaira, soinean duten arroparekin besterik ez, oinetakorik gabe ia denak (horregatik iristen dira horrenbeste oinetako hondartzara hemen).

Higiene baldintza eskasak

Identifikazio prozesu horren ondoren «harrerako kit-a» jasoko dute: muda pare bat, txankletak, xaboia, xanpua, hortzak garbitzeko pasta eta eskuila, bizarra moztekoa eta gauza gutxi gehiago. Eta hori jasotzen dutenean: ostiralean Sizilian dagoen Pozzalloko harrera zentrora joan ginen eta han, maiatzaren erditik, ez dute jada kit-ik eman. Imajinatu zer-nolako osasun eta higiene baldintzatan dauden. Gehienek ia bi aste zeramatzaten txandal eta kamiseta berdinarekin, ekainaren 9tik.

Itzul gaitezen Lampedusako zentrora. Identifikatu eta bakoitza «bere» barrakoira, beheko solairura edo goikora.

Emakumeak lehenengo blokean, eskuinera. Gizonezkoak kanpamentuko hesiaren barruan dagoen metalezko bigarren hesiaren barruan. Kostata lortu genuen barrura sartzea; zuzendaritzak ezetz eta ezetz, ez genuela sartzeko baimen ofizialik. Guk baietz, europar diputatuak ginela, informatu genuela etorriko ginela eta karguagatik eskubide osoa genuela sartzeko eta behar edo nahi genuen guztia ikusteko, miatzeko. Negoziatzen ari ginen bitartean («prefekturara deitu behar dugu...»), gizon eta gazteekin hitz egiten hasi ginen.

Sartzeko, beraiek, sartu nahi genuela, guk. Lehenago, ordea, sukaldean sartzen saiatu ginen, jakin bagenekielako janaria txarra zela eta esneari, adibidez, sarritan ura botatzen ziotela (eta, inoiz, edateko ona ez den ura). Sukaldean garbitasun baldintzak oso txarrak zirela esana ziguten gure iturriek. Horregatik saiatu ginen sartzen; horregatik ukatuko ziguten, seguru asko. «Herenegun ur asko bota zioten esneari, eta inork ez zuen edan», esan zidan, galdetu gabe, Maliko Abderraman izeneko gazte batek. Ordu erdi geroxeago, berdina esango zidan, galdetu gabe honek ere, Bajuka Gujaga Nigeriako gazteak. Save The Childreneko langile batek konfirmatuko zigun hori gero, baita hurrengo gauean abisatu gabe joan zirela ikertzera, baina, espero zitekeen bezala, alfer-alferrik. «Oso-oso txikia da Lampedusa –aitortu zigun, burumakur–, gertatu baino lehenago jakiten da hemen guztia...».

Bigarren hesia pasa genuen azkenean. Kale bat, ezkerrean barrakoiak. 381 lagunentzako edukiera, 400 gu sartu ginen egunean (gu iritsi baino egun gutxi batzuk lehenago 800 zeuden, eta behin 1.500 egon zirela aitortu zigun zuzendariak berak, «larrialdia» izan zela gaineratuz, eta izango zen, alajaina, afrikarrentzat bereziki). Beste 400 haiekin batera, gu iritsi baino lehenago lekualdatu zituzten, baita ere (Siziliara), haur txikiekin zeuden emakumeak eta seniderik gabeko adingabeak.

Asteburu honetan, 400 izanda, egoera horrelakoa bada, imajinatu zer izango zen hau 800 edo 1.500 lagunekin!

Bestalde, kale estu hori da 360 gizonezkoek zuten «patio» guztia (emakumeek ez zuten askoz gehiago). Bi solairuko bi barrakoi luze, metala eta txapa. «Kalean», gora goazela eskuineko paretan, lauzpabost telefono kabina txiki.

Kabinak dira, bai, baina ez da hain sinplea. Gogoratu, ezer gabe datoz. Batek baino gehiagok esan zigunez, sarrerako kit-ean telefonoz deitzeko txartel bat zegoen, baina guztiei Afrikan utzitako senideei egindako lehenengo deiarekin bukatu zitzaien saldoa. Akabo deiak.

Martina eta GUE/NGLko Ines Zuber (PCP), Angela Vallina (IU) eta ezkerreko taldeko aholkulari politikoa, Amandine Bach, emakumeen barrakoietan sartu ziren. Nik mutilen barrakoiak miatu nituen goitik behera, gehienetan migranteen beraien laguntzarekin. Lehenengo barrakoian urik ez dago, ez iturrietan ez dutxetan:

–Zergatik? –galdetu nion zuzendariari:

–Orain lanean ari direlako zentroko langileak, garbitzen, horregatik ez da ura iristen orain, garbiketan erabiltzen dutelako.

–Baina, hori normala al da?

–Ez, jakina-jakina, ez da normala, prefekturara deitu dugu arazoa konpondu dezaten –zuzendariak, urduri, edo gurekin nazkatuta.

Ezker-eskuin, gelak, bakoitzean hogei bat ohe, laurogei zentimetro eskaseko tartearekin batetik bestera, ez gehiago, gela «onenetan» (siriarrak elkarren gainean zeuden, gela batean, ez laurogei ez hogei zentimetro, pegatuta). Ramadana da, eta batzuk lo daude. Txiza usaia dago, hiru langile mangerarekin garbitzen ari baldin badira ere.

Bigarren barrakoian sartu orduko, zuzendaria eta polizia burua eta bere habanoa etorri zaizkit, ateratzeko esanez, haserre, hor ezin naizela sartu.

–Zergatik? –nik.

–Sutea egon zen orain dela aste batzuk (egia da sutea izan zela), eta osasun agintariek ez dute baimenik eman oraindik migranteak hor sar daitezen –zuzendariak.

–Baina jendea dago gelatan, eta, gainera, ura dagoen ala ez eta ur berorik ba al dagoen egiaztatu nahi dut.

–Baina ez dute lo egiten hor, sartu eta atera besterik ez –zuzendariak, temati.

–Sartu nahi dut ikustera, hala ere.

Gezurretan ari ziren. Gelak beteta daude eta gau eta egun daude bertan migranteak. Hemen ez dira garbitzen ari, eta horregatik saiatuko ziren agian bidea ixten. Gela batzuetan apar horiko koltxoneta negargarri horiek (eltxo-sareak diruditen maindire are negargarriago batzuekin, daudenean). Gela gehienetan ura dago lurrean, eta horrela egin behar izaten dute lo, eta dutxetan gauean bakarrik dago ur beroa («epela» zegoela esan ziguten gehienek).

Afrikarrekin hitz egiten jarraitu genuen, ahalik eta gehien, eta beraien laguntzarekin –sarrerako ateetan jendea ipiniz polizia zetorren ala ez jakiteko– kartzela moduko honen bizi baldintza onartezinak dokumentatzen. Zortzi ohe, gelako, emakumeen barrakoian, eta hamabi ohe berriz gizonezkoen aldean. Eta jende gehiegi dagoenean, kanpoan lo egiteko erabiltzen dituzten apar sintetikozko koltxonetak nonahi topa daitezke. Migranteek jakinarazi zigutenez, gu iritsi bezperan barruko logeletara sarrarazi zituzten hamaika egun luzez kanpoan lo egiten egon ziren dozenaka lagun.

Sukarra edota tripako minez egonda medikuarengana joateko baimenik gabe geratu direnen kexak jaso ditugu; xaboirik eta xanpurik gabe daudela esan ziguten askok; higiene baldintzak eta lo egiteko baldintzak ikusi ditugu; eta, jakin dugunez, afrikar bat bera ere ez da kalera atera ekainaren 9an iritsi zirenetik itsasoan erreskatatuak izan ondoren, berez, «teorian», zentro irekia baldin bada ere.

Salaketak dokumentatuta

Jakina, zuzendariaren eta polizia buruaren bertsioa oso desberdina da; «ez gara kriminalak», esan zigun zuzendariak halako batean, ikusitakoa eta entzundakoa leporatzen hasi ginenean. Kontua da frogak ditugula, kontua da salaketa asko dokumentatu ahal izan ditugula.

Aste osoan makarroiak bazkaltzeko eta afaltzeko dituztela esan ziguten denek («ez gara animaliak, pertsonak gara», esan zigun batek baino gehiagok, desesperatuta). Makarroiak, askotan, hoztuta, eta haragia egun bakar batean iritsi direnetik. Gerenteak, ordea, “El Padrino” filmetik ateratako pertsonaia bera, asteko menua «nutrizionista» batek prestatzen duela esan eta kopia bat erakutsi zigun (kopia eskatu genioenean ezetz esan zigun hasieran, eta asko tematu ondoren lortu genuen). Jatetxe turistiko batekoa dirudi menu horrek; Save The Children, UNHCR eta IOMko ordezkariei erakutsi genienean, irribarre oker bat atera zitzaien denei...

Hau da Lampedusa gaur, Europan, Afrikatik gertuago badago ere.

«Europa osoa horrelakoa al da?», galdetu zidan Pozzalloko harrera zentroan Somaliako 23 urteko neska batek, Abdi Salad abizenez, hiru hilabete betetzera doan Falestine bere alaba zoragarria ondoan zuela, lo...

Loading player...

Baiona: bideo-laburpena

Loading player...

Bilbo: bideo-laburpena