Zaintza partekatuaren legeak azken urratsa falta du onartua izateko
Guraso bakoitzak, nork bere aldetik edo biak ados jarrita, epaileari zaintza partekatua eskatu ahalko dio, betiere seme-alabentzat kaltegarria ez bada. Bestearen kontrako jarrera, gainera, ez da zaintza partekatua ukatzeko nahikoa izango. Legea hilaren 30ean onartuko da.

Legebiltzarrak zaintza partekatuaren legea onartuko du hilaren 30ean, Erakunde, Segurtasun eta Justizia Batzordeak erregelamenduaren irizpena atzo onartu ondoren. Datorren astearteko osoko bilkuran eztabaidatuko den testua prest da, eta, azken orduko sorpresarik ezean, aurrera aterako da EAJ, PP eta UPyDren aldeko botoekin, PSEren abstentzioarekin eta EH Bilduren kontrakoa botoarekin.
Eztabaidatuko den testuak jasotzen duenez, guraso bakoitzak, nork bere aldetik edo biak ados jarrita, epaileari zaintza partekatua eskatu ahal izango dio, bestearen kontrako jarrera horretarako oztopo izango ez delarik epaileak erregimen hori emateko edo ez, betiere seme-alabentzat kaltegarria ez den bitartean.
Etxebizitzaren erabilerari dagokionez, hiru irizpide hartuko ditu aintzat epaileak: umeentzat komenigarriena dena, gurasoen beharrak eta etxebizitzaren titulartasuna.
Atal horri dagokionez, etxebizitza familiarraren erabilera «lehentasunez» haurren zaintza dagokion gurasoari emango dio epaileak, nahiz eta zaintza ez duen gurasoari ere eman dakiokeen, betiere beste etxebizitza bat lortzeko zailtasun handiagoak balitu eta beste gurasoak «bitarteko nahikoak» izango balitu haurren etxebizitza beharrari erantzuteko. Hemen ere, adingabeen interesen aldeko hautua gailenduko da.
Legea aurrera ateratzea ahalbidetuko duen prozedura hiru urtez luzatu da. Lehenago, aurreko legealdian, Kidetza guraso bananduen federazioak 85.000 sinadura eraman zituen Legebiltzarrera zaintza partekatuaren aldeko herri ekimen legegilea eskatzeko.
Legebiltzar talde gehienak pozik agertu ziren arren, EH Bilduk azaldu zuenez, zaintza partekatua «helburua» da koalizioarentzat, baina kasuak banan-banan aztertu eta bakoitzari egokien zaion irtenbidea ematearen aldekoa da. Gainera, araudiak bitartekaritzaren garrantzia handitu du; auzitara jo aurretik derrigorrezkoa izango dute gurasoek bitartekaritza zerbitzutik pasatzea, kasu guztietan. Diana Urreak EH Bilduko legebiltzarkideak esan zuenez, azken puntu horrek bigarren mailan uzten du adingabearen interes gorena.
Legearen atzeraeraginkortasunaz ere mintzatu ziren. EAJ aldekoa den bitartean, PPk mugak jarri behar direla uste du.

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio
