Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Geure buruko harriak

Irakurri dut lan munduko berdintasunari buruzko pertzepzioen gaineko azterketa batean, emakumeek gehiago pentsatzen dutela gizonek baino aurrez aurreko bileretan eta errazagoa dela gugan eragitea. Alegia, epelago jokatu ohi dugula, besteren aurrean gure usteei sendo eustea kostatu eta amore ematera jotzen dugula. Seinale txarra, guk geuk baldin badugu barneratuta halakorik, oro har aise kikiltzekoak garela gizonen ondoan.

Utzi nau pentsatzen zenbat dugun oraindik lehenik desegiteko eta ondoren eraikitzeko, jendarteko hainbat eta hainbat esparrutan, ezpada guztietan; baina are gehiago eta garrantzitsuago, kolektiboan sakonetik eragingo eta gauzatuko badugu, guk geuk gure barruan, emakumeok. Zenbat uste ustel belaunaldiz belaunaldi transmitituak, inkontziente zein kontzienteki. Zenbat harri, besteenekin batera, gure buruari botata eta motxilan gordeak. Ustezko tasun eta keria ugari, nortasun-molde jakinak, jokabide onartu eta debekatuak, amaraun ikusezin bezain trinkoa emakumeon bizitzaren inguruan. Hortik kanpora salbuespen sentitzen gara, sentiarazten gaituztelako; estigma honen edo haren jomuga ziurra. Adorea, sortuko bada, pentsatu egin behar da aurrena, eta sinetsi ondoren, tinko sinetsi. Adorea beharrezkoa du pertsonak nahi bezala bizitzeko, gertukoen mugak eta unibertsalagoak apurtzen hasteko.

Kemena bai, eta babesa ere bai. Irakurri dut drogen mendeko pertsonak, izenak hori esan ez arren, artatzen dituen Proyecto Hombre elkartearen urteko txostenean nabarmendu dutela emakumeek zailtasun gehiago dituztela etxetik atera eta laguntza eskatzeko (hainbeste eremutan bezala). Horren arrazoi nagusiak dira gizarte mailako estigma, mendekoen gaineko ohikoa baino are zorrotzagoa (hots, horren beldurra), eta familiako ardurak. Hain zuzen ardura horiengatik, gainera, emakumezkoek gizonezkoek baino errazago uzten ei dituzte tratamenduak bertan behera, etxera deitzen dituztelako edota beren buruaz arduratzera besteenaz egin ostean jotzen dutelako. Onartuko ahal digute eta diogu gure buruari behingoz, besteak beste, zainduak izateko eskubidea!

Egungo jendarte egiturari eutsi nahi diotenek argi dute emakumeon nolakotasuna, eta lan egiten dute iraunarazteko: hortik kanpora, epaigarri, zigorgarri eta harrikagarriak gara. Geure egitekoa da, premiazkoa, ikastea eta irakastea harrien zama jasateari uzten eta gure buruarengan gehiago sinesten, barrenetik.