Etxe Ondo, ondoan
Tourreko 5. etapa izan dugu gaurkoan. Euria, haizea, errepide estuak, bide irristakorra eta segur aski telebistan antzematea ezinezkoa den estres eta tentsio ikaragarria. Aurreko batean ere aipatu nuen, aspaldi ez bezalako urduritasuna antzematen zela pelotoian, eta gaur esan daiteke, tentsioa neurtzeko erarik bagenu, errekorra lortuko genuela.
Lasterketa batean, haizea, euria, bide estuak eta bestelako osagaiak daudenean, ondorioa bat eta bakarra izaten da: eroriko entsalada galanta!
Zaila da esaten, baina gutxienez 60 edo 70 bat txirrindulari eroriko ziren gaur eta batek baino gehiagok izterretako «medailak» direla-eta lo egiteko makina bat arazo izango dituelakoan nago.
Izterretako urradura horiek ekiditeko, non eta Euskal Herrian, Iruran, hain zuzen ere, asmatu dute kevlar antzeko tela bat duen eta kuloten alboetan eramanda, eroriko bat izanez gero, inongo urradurarik izatetik babestuko gaituen –edo izatekotan askoz ere txikiagoa izango da urratu hori– tela milagrosoa asmatu dute.
Askotan, esaerak dioen bezala, urrutiko intxaurrak hamalau dira, eta behin gerturatu eta lau direla konturatzen gara. Horrela ba, sarri, gauza onenak, ez dakit non asmatzen dituztela pentsatzen dugunean, talentua, lan egiteko grina eta kalitatea, geure-geurean, geure etxe alboan dugu.
Euskal Herrian, autobusak edo trenak eta haize errotak eta bestelako teknologia aurrerakoiez gain, iraganeko esperientzian oinarritu baina aurrera begira datozen teknologia berriei begira dauden enpresak ere baditugu.
Akaso, honetan ere aurreneko koxkari eutsi, eta geurean fede gehiago izan beharko genuke. Bilbon biziko banintz, Etxe Ondo ezbairik gabe munduan dagoen bizikletako arropa etxe onena dela esango nuke. Baina Oñati Bilbotik aparte xamar dagoenez, eta harroxko baten moduan geratu ez nadin, munduko onenetariko bat dela esango dut.
Horrela ba, Etxe Ondoko kulot milagrosoak faltan botako ez ditugun esperantzan uzten zaituztet, zeren Laurenten gaurko biekin, eta Bobena, Julianena eta Baukeren gaurko erorikoarekin, «erorketen kupoa» nahiko beteta baitugu.
Hurren arte, ondo segi, geu ere poliki-poliki etxe ondora gerturatzen ari gara-eta!!!

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
