Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Haragikeria, une gorenean

Udako beroaldiak iritsi bezain laster, hamaika aldiz entzun izan diet gizonezkoei poza adierazten azal zentimetro gehiago ikusten delako kalean, emakumezkoena, noski. Urtero ikusten ditut sasoi honetan izugarri ase izterren, sorbalden, bizkarren eta sabelen joan-etorrien eraginpean, ezker-eskuin begirada irmoegiaz so eginez emakumeen adierazgarri gorentzat jotzen duten horri, alegia, haragiari. Zenbat eta larru gehiago ikusgai, orduan eta aseago.

Granadako alkateak batxilergoa bukatu berri duen neska-mutil talde bati esan bezala. Euren omenezko festa batera joateko jantzi beharrekoaren harira, emakumeak zenbat eta biluziago, orduan eta dotoreago; gizonak, aldiz, zenbat eta jantziago, hobeto. Jakina, kalapita eragin dute Andaluziako hiriko ordezkari gorenaren hitz haragikoiek, zorionez gero eta jende gutxiagok onartzen dituelako halakoak inolako testuingurutan, eta muturreko beroaldiari aurre egiteko gomendioa baino ez dela izan argudiatu beste erremediorik ez zaio geratu. Antza, berari bost mutikoak bertan geratzen badira sargoriak jota, horiek ez dira-eta udarako festa bati kolorea, gatza eta piperra jarriko dizkiotenak.

«Matxismoa eta arrazismoa ezabatu egin daitezke garunetik», zioen titularrak. Gonbita egiten zuen artikulua goitik behera irakurtzera; horiek desagerrarazi baldin badaitezke, agian badago aukera bestelako ezaugarri jasanezin batzuk ere erauzteko, ergelkeria eta ahoberokeria, esaterako. Mirarirako panazearen berririk emango ez zuela ziur samar egon arren, zergatik ez, gizakiak ilargia zapaldu, gorputzeko organoak transplantatu eta mota orotako gailu irudikaezinak asmatu izan dituen mundu honetan… baina ez, errezeta magikorik ez azkenean, ikerketa zehatz bat gauzatzeko pertsona-talde batengan genero- eta arraza-isuriak desagerrarazteko deskarga elektrikoak eta loaldian zeharreko trikimailu psikologikoak besterik ez, eta aldi baterako emaitzak, gainera.

Pena, irakurraldiaren hasieratik jakin arren ez direla berehalakoan desagertuko belaunaldiz belaunaldi transmitituriko besteekiko nagusitasun sentimenduak; norberaren asebetetzerako merkantzia gisa erabiltzeko grina; boteretsuaren eta menderatuaren kultura zaharra, formetan aldakorra bezain iraunkorra edukian. Pena, ezin ematea zenbait deskarga gogotsu sexismoa, arrazismoa, klasismoa, xenofobia… darizkien hainbeste ordezkari instituzionali.