Mikel Jauregi
Kazetaria
IKUSMIRA

Alderaketa arriskutsuak eta kalte-ordainak

Gaixotasun larria duen euskal preso bati epaitegiek baldintzapeko askatasuna ukatzen diotenean, edota hirugarren gradua bera –ezagutu dugun azken kasua Ibon Iparragirre ondarroarrarena da–, Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko jeneral ohi eta gerra zikinean ad(r)ituarekin akordatzen direnak asko dira (gara). Arrapostua ere azkar etortzen da halakoetan, alde batetik zein bestetik: ez dago alderatzerik.

Alderaketak gorrotagarriak baitira, eta injustuak sarritan. Baina pisuzko argudio horren itzalpean, eta protagonista bat edo bestea atsegin ez dugun aitzakiapean, ez al dugu behar –eta merezi– baino gutxiagotan egiten ariketa?

Gobernu espainolak ez die kalte-ordainik eman nahi «ekintza terrorista» jakin batzuen biktima izandako herritar zenbaiten senitartekoei. Eta Auzitegi Nazionalaren zigilu juridikoak, atzo bertan, berretsi egin zuen Barne Ministerioaren erabaki hori, Joxean Lasaren (Galindoren biktimetako bat, portzierto) eta Josu Muguruzaren senideek jarritako helegiteak atzera botata. Bai, euskal herritarren aurkako estatu-terrorismoaren ekintza-atentatu banatan hil zituzten; baina ez, haien etxekoek ez dute halakorik merezi, «ETAkoak» zirelako.

«ETAkoak» zirela ondorioztatzeko, ANren arabera, ez da epai judizialik behar; Estatuko Segurtasun Indarren txostenetan ETArekin lotura izan zutela agertzea aski da. Galindok Intxaurrondon idatzi eta osatu zituen haiek ere balio dute?

Muguruza eta Lasarentzat, kalte-ordainik ez, «terroristak» zirelako. Meliton Manzanasentzat, bai. Eta alderatzen hasita... zer zen Manzanas?