Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Kapital soziala

Bowling alone” (Bolategian bakarrik) liburu entzutetsua argitaratu zuen Robert Putnamek 1995. urtean. 1980-1993 bitartean AEBetan boloetan aritzeko ligak, Pittsburgh bezalako hiri industrialetan elkarbizitzaren oinarri izandako boloetan aritzeko lagun talde antolatuak %40 gutxitu ziren. Eta aldi berean, %10 handitu zen jokalari bakartien kopurua. Joera horrek, gizartearen kapital sozialaren galera adierazten zuen Putnamen aburuz.

Kapital sozialak gizarteak hartu-eman ekonomiko zein soziokulturaletan (ocio vs. negocio) bere burua kolektiboki antolatzeko era eta maiztasuna determinatzen ditu. Pierre Bourdieu soziologoak taldeetan parte hartzeak pertsonei eskaintzen dizkien abagune eta abantailen bitartez neurtzen du. James Colemanek, ostera, lotura sozialek norbanakoari eskaintzen dioten asetasun moduan definitzen du.

Noski, kapital sozialaren definizio hauek guztiek Euskal Herritik ikusita zientzia fikzioa dirudite. Putnam, Bourdieu eta Colemanen definizioen arabera inork ez luke parte hartuko ikuspegi pertsonaletik desabantailak besterik eskaintzen ez dituzten erakundeetan: kartzela, isunak, karrera profesionala abandonatzea…. Edo bestela, unean bertan gozatzekoa ez den abantaila izugarriren bat jaso behar da trukean: paradisua, iraultza, herri askea, zentzu bat bizitzari…

Arazoa da bigarren pizgarria epe laburrera sinesgarria ez denean beharrizan pertsonalak interes kolektiboekin uztartzen ez dituen edozein denbora inbertsio lupaz begiratzen duela hiritarrak. Sano ideologizatuta egonda ere, badaki, oreka pertsonalik gabeko lan kolektiboak zer egiten dion jendeari epe luzera. Are gehiago denbora dedikazioaren kontrola, ordu zein urte kopuruan, inplikatuaren esku ez egoteko arriskurik bada.

Beharrizan pertsonalak interes kolektiboekin uztartzeko gai diren antolakuntza ereduek euren proiektuak gauzatuko dituzte. Gainerakoak, ohore guztiekin aparkatuko ditugu nostalgiaren bitrina perfektuan.