Markel IRIZAR
Trek taldeko txirrindularia

Zaindu maite duzun hori

2002ko iraila zen, eta Goierriko Itzulian konturatu nintzen zerbait ez zihoala ondo nire gorputzean. Beasainera bakarrik joan nintzen gurasoen Ford Orion zaharra hartuta, eta hantxe eman zidaten espero ez nuen berria: barrabiletan «zerbait» aurkitu zidatela eta ebakuntza egin eta kendu egin beharko zidatela. Beasaindik etxerako bidea bukaezina egin zitzaidan, ez nekien nori deitu. Eta Vuelta lehiatzen ari zen Mikel Astarlozari deitu nion aurrena. «Sentitzen dut, Mikel, lasterketan zaudela hau esatea, baina norbaiti kontatu beharra daukat amari esan aurretik –hasi nintzen, barruan nuen korapiloa askatu nahirik...– Zu zara zerbait lagungarria esan diezadakeen bakarra momentu honetan....».

Horrela, kolpeka-kolpeka, onkologia, minbizia, kimioterapia, erradioterapia eta beste hainbat kontu, niretzat berria izango zen mundu batean sartzen hasi nintzen poliki-poliki. 

Hori gertatu zela jada hamahiru urte pasatuta, Tour honetako «etxeko» etaparen aurretik familiaren zain orduak «hiltzen» nenbilela, Joxe Mari Apaolazarekin zuzenean Euskadi Irratian egindako elkarrizketa baten erdian etorri zitzaizkidan oroitzapen guztiak bueltan.

«Barkatu, Markel –hasi zen Apaolaza–, baina oraintxe bertan Tourrak jakitera eman du, Ivan Bassok Tourra utziko duela barrabiletako minbizia diagnostikatu diotelako».

Zenbat bizipen eta oroitzapen, zenbat sufrimendu eta negar malko izan ziren orduan, baina zorionez dena ondo irten zen, Ivani irtengo zaion moduan, eta minbizia izan eta hamahiru urtera, umetatik amesten nuen horretaz gozatzeko aukera daukat oraindik.

Horregatik autobusean Pauera, La Pierre de Saint Martineko etapatik bueltan natorrela, zutabea idazteari ekiten diot beste behin ere. Ikaragarri polita izan da beste behin euskaltzaleak eta gure ikurrinak ikustea, orain lehen baino pixka bat «geureago» den Nafarroako mugan bukatu dugun etapa eder honetan. Skyk berebiziko erakustaldia egin du, eta besteok hala moduz salbatu ahal izan dugu eguna. 

Nire gogoetak idazten musika entzunaz ari naizela, nire play list-eko faboritoen artean dagoen abesti bat hasten da sartzen nire belarrietatik. Horrenbeste miresten dudan nire herrikide den Ruper Ordorikaren "Zaindu maite duzun hori" abestiak mugitzen dizkit nire barre- nak. «Kantu leunak nahi nituzke jarri, eguzkia, ainubian denari. [...] Zaindu maite duzun hori!!».

Orain zorionez, kirol bizitzan, eta arlo pertsonalean dena borobil irteten den eguzki beroaren goxotasunean nagoelarik, pixka bat ainubean izango den Ivan Basso lagunari mezu hau nahi nioke igorri: Zaindu maite duzun hori!! Eta dituzun lau Basso txiki horiengatik borroka egin eta desiorik onenak bidaltzen dizkizut, kantu leunak maite dituzun horiekin luzaroan entzun ahal izateko. 

Cura quelli che ami. #forzaIvan