Arantxa MANTEROLA
MANIFESTAZIOA DONIBANE GARAZIN

KONPONBIDEA BURURAINO ERAMATEKO «NORBERAREN ENGAIAMENDUARI» DEIA

EZOHIKO ERROMESEK HARTU ZITUZTEN ATZO DONIBANE GARAZIKO KARRIKAK, DONEJAKUE BIDE ZATIA EGITERA BAINO, KONPONBIDEAREN ALDEKOA URRATZERA JINDAKOAK. BERO KISKALGARRIARI EZ EZIK, PARIS ETA MADRILEN ITXIKERIARI ERE AURRE EGITEKO PREST AGERTU ZIREN 2.000 LAGUN, «BAKE PROZESUA BERA BORROKA» BAT DELA NABARMENDUTA.

Bostetan emana zuten hitzordua Nafarroa Behereko hiriburuan, uztailaren 7an Ortzaizen izandako polizia operazioaren ostean Estatu frantsesari eta espainolari exijitzeko «errepresioaren bidea baztertu eta konponbiderakoa» har dezatela.

Ordu horretan han-hemenka talde batzuk ikus zitezkeen eguzki galdatan, baina ordu erdi geroago, «Errepresioari ez, konponbidea orain» zioen pankarta zabaldu zutenean, itzalpeetan eta arbola azpietan babestuta zeuden ehunka lagun agertu ziren. Emeki, «Ez, ez, ez, errepresiorik ez» edota «preso eta iheslariak etxera», oihuez lagundurik egin zuten ibilbidea, uda sasoi honetan Donibane Garazira bertaratzen diren bisitari eta turista ugariren ikusmina piztuz. «Barka, zergatik egiten duzue manifestazioa?», batek pausatu galderari, «indarkeriaren kontra... poliziek bakearen aldeko militanteak atxilotu baitituzte aste honetan», erantzun zion manifestari batek.

Hori izan zen, hain zuzen, Grazi Etxebeherek amaieran nabarmendu zuena, Anje Duhalderen abesti ezagunaren hitzak hartuz: «Bakezaleak gara, bakea nahi dugu... bai, baina ez edozein bake. Batzuentzat jadanik bakean gara borroka armatua gelditu denetik; beste batzuentzat, omen, bakea ukango dugu desarmatu edo armak lapurtuko dituztenean. Guretzat, herri honi izateko deretxoa aitortuko zaiolarik eta mahai baten inguruan hitz egingo denean eta erabakiko dugunean zer eta nor izan nahi dugun, orduan izango da bakea».

«Guk» handi bat egin

Atxilotu eta gero karguekin aske utzi zuten ortzaiztarraren hitzek bati baino gehiagori barruak mugitu zizkioten, ETAk borroka armatua utzi ostean, «orain gure txanda» dela esan zuenean. «Gaur engaiamenduaren eguna da. (...) Ez dugu ‘gu’ edo ‘guk’ txapelaren itzalean gorde behar. Gu izateko ‘ni’ eta ‘zu’ behar dira. Guk egiteko ‘nik’ eta ‘zuk’ behar dira. Nik laguntzen badut eta zuk egiten baduzu, orduan bai ‘guk’ handi bat egin dezakegula.(...) Indar txipi anitzek indar handia egiten dutelako», adierazi zuen bake prozesua laguntzea «denon zeregina» dela azpimarratzeko.

Euskal Herria «denona» dela eta «denon artean eraiki» behar dela aurreratu zuen, «konponbidea bururaino eraman behar dugu eta lagundu behar ditugu pauso hori ematen ari direnak», gaineratuz segidan. Bai berak eta bai «hemen izan ezin duten Iñaki, Xabi [espetxeratuak], Jef eta Terexak [manifestazioetan parte hartzeko debekua dutenak] jasotako elkartasuna» bereziki eskertu zuen.

Bere etxeko ateak zabaldu dituela, desarmatu nahi duen talde bat lagundu duela eta konponbidea sostengatzeagatik ez duela dolurik berretsi zuen Etxebeherek, txalo zaparrada artean bukatuz bere hitzaldia.

Beraren aitzinetik, Xabi Larre Donibane Garaziko hautetsi abertzaleak eta Eñaut Haritchelar baigorriarrak, euskaraz eta frantsesez hurrenez hurren, polizia operazioa gogor salatu zuten. Gobernu frantsesari zuzendu zitzaizkion bereziki, eta Parisen berriki izandako Konferentzian esandakoaren harira, «konponketari bidea zabaldu» behar diola esan zuten.

 

Paris eta Madril, beldur

Desarmea «era ordenatuan» egin behar dela eta «presoen auzian» ere urratsak egin behar direla azaldu zuten biek ala biek. Alta, Ortzaizeko operazioa «erabat horren guztiaren aurka» doala nabarmendu zuten. «Parisek eta Madrilek ez dute bake prozesurik nahi, jakin badakitelako Euskal Herrian ziklo politiko demokratiko bat zabaltzen bada euskal herritarrek ez dituztela babestuko haien proiektu politiko jakobino eta zentralistak. Horregatik erasotzen diote bake prozesuari, herritarrei hitza emateko beldur direlako», ziurtatu zuten. Ildo horretan, «bake prozesua bera borroka bat» dela eta bakoitzari dagokiola «borroka horretan bere ardurak eta konpromisoak hartzea» gaineratu zuten.

Ekitaldia “Eusko Gudariak” kantuarekin eta irrintzi artean amaitu zen.