Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Zizt! eta zart!

Planetako munduetan egunotan, zizt! zart!, ematen ari diren aldaketen inguruan gogoeta egitea izan dut abiapuntu, zizt! zart!, gaurko zutabe horizontala idazterakoan. Greziakoa buruan eta, zizt! zart!, Nafarroakoa ere bai. Baina, zizt! zart!, lehenengo esaldia amaitu aurretik, zizt! zart!, nik neuk ere aldatzea deliberatu dut, zizt! zart!

Eta hara! euliak hartu ditut gai! Zizt! zart! Pentsatu ere ez dut gura egin beste aldaketa, klimarena, arinduko duen beroketa globalaren garaian zer izango den! zizt! zart! Euliak ni zizt! Eta nik euliak zart! Erraza da bakeaz esanetan aritzea, baina eginetan … zart! Inkluso zizt aurretik. Aurreikuspena! Eta erabaki eskubidea, zart! Egia esan ez dakit nik zer aurkitzen duten euliek nigan ezti, daukadan larrua edukita. Pentsatzera ere heldua naiz, gaurko euliek ez dutela irizpide sanorik, transgenikoak direla, dastamenik ez… eta zart! Behean bego, hau ere!

Orain egun batzuk negoziatzera deitu nituen etxe ingurukoak, euliez nabil oraindik. Baina ordezkariak hautatu behar zituztela eta hitzordua atzeratu egin zen. Udako ordutegia gura nuen adostu, etxea hutsik dagoenean eurek bete eta pertsonok gaudenean eurek uzteko. Azkenean denak agertu zitzaizkidan, ziztakari, bazkalosteko lo-kaikuan nengoela. Ordutegia adosteko ez zen abia ordu egokia, baina tira! Eulira! Berbetan serio hasi, troika ez bezala, guztion interesak uztartu nahian, baina azkenean, ordutegia ordutegi, haren moduko erabakiak hartzen amaitu dut, zart! Eta zart!

Begira egon naiz Internet horretan zartada baino erremedio baketsuagorik ote den gure bikaintasun-markako herrian. Beharbada, pentsatu dut, innobazioa innobazio teknologia altuko zerbait egongo da euliei aurre egiteko, titaniozko eulitakoa edo! Bada ez, nire susmoa zera da, teknologia altuak berak erakartzen dituela euliak, zart!