Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

«Chapeau bas!»

Bake prozesuaren inguruan aditu askoren hitzak entzun ditugu, komentarioak, aholkuak, beste eremu batzuetan egindako urratsen azalpenak, zuzenbideko kontzeptu berrien sortzeak... Denak helburu berarekin eginak, alegia, indar guztiak bildu bi estatuengandik entzunak izateko, elkarrizketa baten abiatzeko orain arte eramandako borrokari gogoeta gunea eskaintzeko, arerioak parez pare jarriz. Estatuek ez dute hizkuntza berean hitz egiten, ez dituzte hizkuntza berak ulertzen, eremu askoren gainetik gertatzen ari denari so egiten diote eta bereziki estatu bakoitzaren interesari arreta jartzen diote, alegia, Euskal Herriko interesari ez diote begiratzen, elkarbizitza ez da estatuaren kontzeptuan kabitzen, estatuak berak ez badu interes argi bat.

Errealitate horren aitzinean egon gara hilabeteetan, politikari askok jarri du izena testu batzuen bukaeran, adosmen baten isla ekarriz. Politikan egindako engaiamenduak emaitza urria ekarri du, zoritxarrez.

Herritar xume batek hordagoa bota die bi estatuei. Herritar xumea baina militantea, aspaldiko militantea, Ipar Euskal Herriak ezagutu dituen borroka politiko gehienetan parte hartu duena. Azken hilabeteetan, politikarien artean ez dugu ikusi, haatik, prozesuan parte hartzeko erabakia hartua zuen bide berria jorratzen aritzen ziren bi militanteei aterbea eskainiz. Militante hauek, bide berria ireki duten horietakoak zalantzarik gabe, sasitar izaten jarraitzen baitute, beste asko bezala, ez dute bakerik, estatuek ez baitute aldaketarik ezagutu eta aitortu nahi. Grazik urrats horiek laguntzeko ausardia eta kuraia izan du.

Estatuak hanka sartze ederra egin du, errepresioaren gakoa baizik ez baitu ezagutzen Parisek. Oldartze berria piztu du, sostengu keinu eta elkartasun ekintzek erakutsi duten gisan. Pettoa zuzentzeko nahian ortzaiztarrak askatu ditu, baina Grazik gogoratu die bi eraman dituztela, hauek ere justizia merezi dutenak. Bi militante ahantziko ez ditugunak herri honen alde egin duten lana gogoan dugulako.

Hitz zuzenak, ideien zorroztasunetik hitz egin du Grazik! Chapeau bas, Grazi!