Errobiko Festibala, 20 urte sorkuntza artistikoa sustatzen
Errobiko Festibalak 20 urte eginen ditu aurten. Itsasun izanen da gaurtik igandera. 1996. urtetik Beñat Achiaryk gidatzen duen jaialdian sorkuntza artistikoari eta horren inguruan ereiten den konplizitateari ematen dioten garrantzia da ezaugarri nagusienetariko bat.

Lehen urteak Getarian iragan ondoren, Itsasu aldera egin zuen Errobiko Festibalak. Artzamendi eta Arranomendi pean ari dira orain, baina denborak aldatu ez duena «festibal honen publiko fidela» da. Ikusleen garrantzia nabarmendu zuen Beñat Achiary sortzaile eta gidariak: «Zinez eskertzen dugu publiko berezi baten entzuteko manera sakona».
Hogei urte beteta, sorkuntzari eta arteari tokia eginez segitzen du jaialdiak. Lapurdiko kostaldetik mendialdera joanda, bidean atzeman dituen partaideak bere egiten joan da jaialdia bi hamarkadatan: «Olerkari, erlezain, filosofo, artzain, arrantzale, langile, kirolari, idazle, margolari eta beste emazte eta gizonak». Agertokiaren gainean zein ikusle gisara, pertsona eta artista horiek guztiak jaialdia aberasten dutela nabarmendu nahi izan zuen Achiaryk: «Oroitzapenak buruan elkar joka ari zaizkigu eta murru batzuk behar lirateke izen guztiak idazteko, 1996tik goiti etorri direnak».
Sorkuntzak
Festibalaren izpirituarekin bat eginez, lehen ediziotik hasita sorkuntza handi baten gauzapena sustatu dute. Ekintza motak, jorratutako eremuak eta gaiak guztiz ezberdinak dira, baita bertan parte hartu dutenen izaera artistikoa eta jatorria ere. Esaterako, Chiapaseko indigenei «errobitarrek» bidalitako gutun batekin abiatu zen jaialdia.
1999an, “Harria eta herria” izenburupean elkartu ziren Josean Artze, Mixel Etxekopar, Beñat Achiary, Nin Le Quan, Iñaki Perurena eta Sam Cuadrado. 2003. urtean mestizajeari tokia egin zioten “Maroco Triki”-rekin eta Garazi Soul System eta Riki Tzigane-k lagunduta.
Euskal Herriko ahots berriak deskubritzeko parada izan zen 2004an Amaia Riouspeyrous, Aines Achiary eta Amaren Alaben parte hartzearekin, besteak beste. Aniztasunaren erakusle da urte batzuk geroago, 2007an, izan zen “Chaos-Opera” esaterako, non Edouard Glissant eta Bernard Lubat, Michel Etxekopar eta Philippe de Ezkurrak lagunduta aritu ziren.
Iaz arrakasta handia izan zuen “Gerezien denbora” pastorala antolatu zuten. Jaialditik kanpo hainbat emanaldi eskaini zituen: Barakaldon eta Bokalen. Zuberoatik Lapurdi kostaldeko industrialdera eraman zuen ehunka urteko tradizioa. Aurten ere zer deskubritu izanen da.
Eskultura, olerkiak... betiko musika berriak deskubrituz
Azken 20 urteetako ohiturari jarraiki, jaialdiaren sortzaile Beñat Achiaryk musikari eta artista gisa ere hartuko du parte. Aurtengo edizioan Coetus, Niño de Elche, Erwan Keravec, Nicolas Nageotte, Emile Parisien Quartet, Harri Zulotzaile Musik, Maddi Oihenart, Forro da Lua, San Salvador eta Suapartak izanen dira Itsasuko guneei giroa ematen.
Jaialdia uztailaren 23an hasiko da, artista anitz elkartuko dituen hitzaldi ikuskizunarekin. Ostiralean Kantuen Gaua izanen da, musika zuberotarra, flamenkoa eta Correzia elkartuz. Larunbateko gaua ikuskizun batekin girotuko da: Goihats urrats. Ikusleria loriatzeko “Betiko atabalak” izenburupean, Bizkaiko Harri Zulotzaileak Musik, Coetus taldea... izanen dira.
Edizio berri honetan ere iganderako ibilaldi poetiko bat antolatu dute Arranomendin zehar olerkiak, kantuak eta dantzak hegaldarazteko. I.E.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
