«Vive le velo!»
Bi etapa besterik ez zaizkigu geratzen Parisa iristeko eta onartu behar dut lasterketa bukatzeko desiratzen nagoela. Aurreneko astea “erraz” antzekoa izan zen, eta ondorioz jendea beste urteetan baino indartsuago iritsi da lasterketaren hirugarren astera.
Egia da, Tour honetako azken aste hau, etapa hasieretan egunero mendate bat izan dugunez, ikuskizun ona emateko maisutasunez diseinatuta egon dela. Ez dakit nirekin bat etorriko zareten ala ez, baina azken urteetan ikusi dugun Tourrik politenak “oilarren” jarrerari esker izan du horrenbesteko xarma.
Eguna joan eta eguna etorri, sailkapen nagusiko lehen hamarren bueltan kokaturik dagoen norbaitek jo du erasora irteeratik. Egunero, hogei lagunetik gorako ihesaldiak ikusi ditugu, eta horrek guretzat lasterketa asko gogortzen duen arren, uste dut aurten jendeak besteetan baino siesta gutxiago egingo zituela telebista aurrean Tourrari begira.
Txirrindularitzak behar zuen zerbait. Iraganean izan ditugun arazoez gain, askotan gregarioek tiraka jardun eta liderrak azken unera arte geldi egoten ziren, eta horrek lasterketak askoz aspergarriago eta alizienterik gabeak egiten zituen ikusleentzat.
Eta seko lehertuta nagoen arren, esan beharra daukat asko gustatu zaidala bizi izan dugun Tourra, eta batez ere txirrindularitzak hartu duen norabidea. Espero dut Tour honetan ikusitako jarrera horri eutsi eta lasterketa erasokorrak, mugituak eta “biziak” ikustea etorkizunean ere.
Horrela bada, txirrindularitza eta bizikleta maite dugunok zorioneko gaudela esan beharra daukat. Jarrai dezala ikuskizunak eta frantsesek dioten moduan: vive le velo!

67 preso 20 urtetik gora espetxean, eta 44k ez dute kalea zapaltzen

Sufrimenduaren zikloa ixteko etxeratzea, gazteenen eskaria

Bilbo se moja por el fin de la «injusta legislación de excepción» carcelaria

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo
