2015/07/26

«Aita Lhande» pastorala estreinatuko da gaur Zalgizen

Zalgize eta Iruriko herritarren artean egindako «Aita Lhande» pastorala gaur eta abuztuaren 2an antzeztuko da. Aita Pierra Lhanderen bizitza kontatzen duen obra frantsesez idatzi du Annick Renaud-Coulonek eta gero euskarara itzuli dute taula gainean eskaintzeko. Bi herriotako biztanleen urtetako lanak emaitza koloretsua emanen du gaur ezagutzera, 15.30ean.

Idoia ERASO|URRUÑA
0726_kul_pastorala

ITZULTZAILEA


«Annick Renaud-Coulonek koplaturik eta poesia gisa eman zidan testua erranez itzultzeko, baina erran nion ez zela aisago errimak baziren frantsesez, pastorala zuberotarrez antzeztuko baita plazan».

IDAZLEA


«Normalean gizonak eta euskaldunak izaten dira pastoral idazleak, baina guk parioa gainditzea lortu genuen itzultzaile bat atzeman genuelako. Gero beste batzuek ere irakurri dute eta horri esker nire pentsaera ongi itzulia izan da».

«Pastorala idaztea eskatu zidaten. Garrantzi handiko gertakaria da, emakumea naizelako, euskal herritarra ez naizelako eta euskaraz ez naizelako mintzatzen», nabarmendu du Annick Renaud-Coulon Appathia testuaren idazleak. Testua frantsesetik zuberotarrera itzuli behar izan da gero taula gainean emana izateko. Euskal kulturaren, eta bereziki Zuberoako kulturaren, erakusle nagusienetakoa den pastoralean ohikoa ez den egoerari buruz mintzatu da Jean-Pierre Recalt errejenta: «Behin gertatu duzu, hasart bat duzu. Herritarren artean afera batzuk izan dira, baina ez dut uste berriz ere gertatuko denik».

«Afera» horiek zeresan handia eman dute herrietan, baita Zuberoa osoan ere. Zalgize eta Iruriko herritarrek prestatutako pastoralaren gidoiarekin gertatuak sortu du zalaparta. Frantsesez idatzitako lana dela salatu dute askok, baita Jean-Louis Davantek Aita Lhande berari buruz euskaraz prestatutako testua alboratu egin izana ere.

Itzulpenak ere zeresana eman du. Testua frantsesetik zuberotarrera itzultzeko «lanaren %80» Peio Behocarayk egin duela azaldu du Annick Renaud-Coulon idazleak. Itzultzaileak horrela azaldu du afera: «Ez da aisa egiten den lana, Annick berak frantsesetik hitzez hitz itzultzeko esan zidan, baina ez zela posible erran nion. Zentzua atxiki behar duzu, eta errimak eta zangoak zaindu». Berea itzulpenaren parte bat soilik izanik, bere izena liburuxkan agertzea ez du nahi izan: «Ene lana Zuberoako idazle batzuei erakutsi nien eta dena arras ongi zela erran zidaten, ez zela fitsik aldatu behar. Gero eskuz esku ibili duzu eta kanbiatu dute niri erran gabe».

Idazleak bere burua Annick Appathia bezala aurkezten du pastoralaren sortzaile gisa. Horren zergatia Lhanden bizitzan atzematen da. Baionan jaio bazen ere, haurtzaroaren parte bat Zuberoako Appathia etxean pasatu zuen, eta pastoraleko idazleak 2002an erosi zuen etxe hori. Sortetxearen izena hartzeko euskal ohitura jarraiki bizitokiaren izenarekin sinatu du obra.

Jurista da Renaud-Coulon, eta, etxea erosi zuenean, bertako historia aztertzen hasi zen. Hala, Pierra Lhande bertan bizi izan zela jakin zuelarik, bere bizitza ikertzen hasi zen «pasioak eramanda». «Lhanderen editoreak bilatu nituen Parisen eta hortik goiti idatzi zituen 50 liburuak aurkitu nituen, hainbat urtetako ikerketa izan zen. Berari buruzko milaka dokumentu bildu ditut», nabarmendu du Annick Renaud-Coulonek. Recalt errejentak, bere aldetik, honakoa nabarmendu du idazleari buruz: «Munduan ezagutua den emaztea da, oso inteligentea eta pastoral ederra idatzi du. Oso ontsa idatzi du».

Pierra Lhanderen bizitza agerrarazteko egindako lana handia izan da. Zalgize eta Iruriko herritarrak hilabete eta urteetan lanean aritu dira gaur ikusgai izanen den pastorala publiko aitzinean eman ahal izateko. «Bi herriak hor dira lanean, denak. 400 eta 500 pertsona artean aritu dira, ezin zutenak aritu etxean gelditu dira, baina beste guztiak hemen izan dira», azpimarratu du Recaltek.

Taula gainean 100 bat pertsona ariko dira, pastoralen zuzendaritzan eskarmentu handia duen Recalten aginduetara: «Hamalaugarren pastorala dut, besteetan bezala egin dut; dena konpondu dut kaier batean emana». Orain arte egindako bidea azaldu du: «Otsailean hasi ginen, eta dena goxoki joan da. Giroa izugarri ontsa izan da, jende zintzoa duzu eta dena ikasi du». Idazlea bera ere emaitzarekin arras kontent agertu da: «Lan oso luzea izan da, eta ez beti erreza, baina azken mustraka igaro da ianeko eta azken emaitzarekin oso pozik nago, jantzi ederrak, kantu politak...».

Pierra Lhande

Pastoralak agerrarazten duen Pierra Lhande «gizon handiak» eremu oso ezberdinak jorratu zituen bere bizitzan zehar. 1877an jaio zen Baionan eta intelektuala, akademikoa eta hizkuntzalaria izan zen. Bere obrarik ezagunena euskara-frantses hiztegi bat da, egun ere baliatzen dena. Bertan lapurtera, zuberotarra eta baxenabarrera agertzen dira.

Jesuita engaiatua izan zen eta 1922an Estatu espainiarretik kanporatu zuten Gobernuak euskaldunekiko zuen jarrera kritikatzeagatik. Garaian hedabideen garrantzia ulertu zuen, eta 1927an lehen irrati saio erlijiosoak abitu zituen. Intelektualki eraman zuen bideaz gain, gizarteko behartsuenak laguntzeko elkarteak sortu zituen. Elizaren alderdi soziala bultzatzen lan handia egin zuen. Bere engaiamenduak Europatik kanpora ere eraman zuen. 1957an zendu zen, Atharratzen.

 

Bi istorio eta bi idazle pastoral bakar batentzat

Zalgizen aurkeztuko den obrak Aita Lhande «gizon handi gisa eta ez elizgizon gisa» erakusten du, Annick Renaud-Coulonek idatzitako pastoralak horrela omen du-eta agertzen. Testu aldaketa izan da bidean, Jean-Pierre Recalt errejentak azaldu bezala: «Herritarrek ez zuten Jean-Louis Davantek idatzitako testua nahi, arlo erlijiosoak pisu handia baitu. Orduan emazte horri galdegin zioten beste testu bat idazteko». Davantek ordurako Euskaltzaindiko agerkarian plazaratuta zuen obraren oinarria, Wikipedian oraindik agertzen dena. Renaud-Coulonek horrela azaltzen du bera hautatu izanaren arrazoia: «Nirea oso testu dokumentatua da. Davantek ez zituen nik egindako ikerketa guztiak egin. Esku artean gauza gutxi zuen. Ezberdintasuna handia da; nik gaia asko landu dut eta poeta bat zela ikusi dut, lan guztiak ikusi ditut». Protagonista aurkezteko manera ere aipatu du: «Pastorala oinarrian erlijiosoa denez ez zuen merezi elizgizona hainbeste aurkeztea, influentzia gizona, politikoa, intelektuala, poeta.. agerrarazi ditut». I. E.