Jon LEUNDA
Sega

Euskal Selekzioa Europan aritzeko prest dago jada

Abuztuaren 28an hasi eta 30ean amaituko da Azpeitian jokatuko den Europako Txapelketa.

Abuztuaren 28an hasi eta 30ean amaituko den Europako Sega Txapelketa prest dago. Azpeitiko Loiolako Basilikako belardietan jokatuko da, eta hantxe izango da Euskal Herriko selekzioa ere, gainerako taldeekin batera parez pare lehiatzeko asmo eta itxaropenarekin.

Etxeko taldearekin batera, Alemania, Austria, Suitza, Eslovenia eta Hego Tiroleko selekzioak arituko dira nor baino nor. Hala ere, Azpeitiko saioan ez da kirola bakarrik izango, beste hainbat ekitaldi ere izango baitira segaren ondoan.

Euskal Selekzioa Euskal Herriko Ligan erabaki zen, hango postuen arabera zehazten baita taldea. Selekzioaren aurkezpena herenegun iluntzean egin zuten Azpeitian bertan, eta lehian arituko diren segalari guztiak hantxe ikusi ahal izan ziren.

Nesketan bost segalari arituko dira, eta hemen ez da sailkapenaren beharrik izan, txapelketa amaitu duten bostak arituko baitira. Alaitz Imaz, Ainhoa Mazkiaran, Ainhoa Galarraga, Irati Astondoa eta Ainara Otamendi izango dira kamiseta berdearekin arituko direnak.

Mutiletan, bai, hiru jardunaldiko ligaren ostean erabaki zen zeintzuk arituko diren, eta honako hauek lehiatuko dira Euskal Herriko selekzioan: Bixente Mitxelena, Jexuxmari Goenaga, Koldo Artzelus, Julen Gabirondo, Andoni Urrutia, Aimar Garmendia, Oier Urkola, Jon Otegi, Mikel Lizartza eta Suharri Irazustabarrena. 

Itxaropentsu

Europako Txapelketa irabaztea beti izaten da zaila, datozen kideak ere oso handiak direlako, eta tartean Suitza edo Austria bezalako herrialde indartsuak baldin badaude, gehiago. Hala ere, Euskal Herriko ordezkari gehienek eskarmentua badute, eta jadanik badakite zer den honelako lehiaketa batean parte hartzea.

Euskal Herrian lehen ere jokatua da Europako Txapelketa, hain zuzen ere Seguran. Jada urte batzuk pasatu diren arren, han aritutako bat, Bixente Mitxelena, Azpeitian ere izango da. Bera izango da, gainera, euskal segalarien artean itxaropenik gehien sortzen duenetako segalari bat, baita Artzelus edo Goenaga ere, nahiz eta jakin badakiten garaipena lortzea ez dela erreza izango.

Antolatzaileek, kirolaz gain, txapelketak Azpeitiari ekarriko dion ekarpena nabarmendu dute. Izan ere, lehiaketa dela-eta, jende asko etorriko da txapelketa jarraitzera kanpoko herrialdeetatik. Saioak egingo diren guneetan ere ez da jatekorik eta edatekorik faltako.

Segako lehiaketa hau nazioarteko eran jokatuko da, izenak dion bezalaxe, nahiz eta betiko erak duen indarrik handiena Euskal Herrian. Europan dauden segalaririk onenak izango dira lanean, eta ikuskizuna segurtatuta dago. Adin oso ezberdinetako kirolariak ere ikusi ahal izango dira. Azkenik, ez da ahaztu behar uneotan sega dela Euskal Herriak selekzio bezala ofizialki parte har dezakeen kirol bakarrenetakoa.

Honi buruzko guztia: Sega