Feminismoak duen gatazkaren inguruko ikuspuntua, UEUn
Jule Goikoetxeak eta Zuriñe Rodriguezek Euskal Herrian dauden gatazkei eta bakea lortzeari buruzko gogoeta egin zuten eurei egokitu zitzaien hitzaldian. Argi utzi zuten bakerik ez dagoela, gurean ikusarazten duten gatazka hori baino gehiago daudelako. Bestalde, Maite Arroitak leku desberdinetako biodibertsitatea aztertzeko balio izan zuen ikastaroaren berri eman zuen. Pirinioetara, Artikutzara eta Aralarrera txangoak egin zituzten.

Aste honetan Iruñean egin dituzte UEU Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroak. Horien artean interesgarria izan zen Jule Goikoetxeak eta Zuriñe Rodriguezek eskaini zutena, “Euskal Herriko gatazkaren irakurketa etorkizuneko bake feministaren bidean” izenekoa.
Goikoetxearen esanetan, indarkeria normaltasunez onartzen duen gizarte batean bizi gara, non gizonak emakumeak gobernatzen dituen. «Gatazka publikoan emakumeek ez dute protagonismorik, ez bakean ez gatazkan, ez dugu lekurik ez batean ez bestean eta hori esklusio sistematikoa da –esan zuen Julek– hori da normalitatea, egunero akabatzen gaituzte emakume izateagatik eta normaltzat hartzen dugu». Gizartearen pertzepzioa gatazkarik ez dagoela dela aipatu zuen, gatazkak gizonezkoen artean arazoak daudenean soilik gertatzen direla, bakea ere gizon bi edo gehiagoren artean hitzarmenak egiten direnean izaten dela.
«Ez bada espazio publikoan emakumearen espazioa lortzen, norma eta normalitatea ez dira gureak izango, gizonek gobernatzen dute bakea eta gatazka, eta hor lortu behar dugu lekua emakumeok», azpimarratu zuen politologoak. Bestalde, aipatu zuen bakearen kontzeptua biolentzia motak ezkutatzeko asmatu zela, eta bakea lortzeko feminismoa behar dela.
Zurine Rodriguezek hartu zion lekukoa lehenengo hizlariari. Bere ustez, Euskal Herrian gatazka bakarra ikusarazten da: «terrorismoa, ETAk armak uztean etorriko dela bakea esan ohi baita». Baina beste biolentziak ez dira antzematen, soilik nabarmenenak. «Emakume ia birjinaren eta gizon gudariaren irudiak dauzkagu oraindik ere, eta emakumeak gudariak zaintzeko jaiotzen dira», adierazi zuen.
Arriskuak naturarentzat
Ikastaroak askotarikoak direnez, aste honetan astia izan da bestelako gaiez mintzatzeko. Hala, Maite Arroitak berak antolatutako “Mendiko teknikak basabizitzaren ikerketetan” ikastaroari buruz mintzatu zen.
Honen helburua basabizitzaren ikerketetan eta kudeaketan erabiltzen diren mendiko teknikak ezagutzea eta horiekin esperimentatzea da. Horretarako, ekosistemak beren osotasunean aztertzen dituzten adituak izan ziren ikastaroan eta leku desberdinetako biodibertsitatea aztertu zuten bertaratutakoek.
Ikastaroa guztiz praktikoa izan zenez, ez ziren lau pareten artean gelditu, eta Artikutzara joan ziren bertako errekan arreta jarriz eta Aralarren goi mendiko larreak aztertu zituzten bertako dibertsitateaz jabetzeko. Zenbait espezie zehatzi ere erreparatu zieten. Hala nola, igel piriniotarrari, okil gibelnabarrari eta saguzar belarrihandi alpetarrari. Bestelako espezieak ikusten ere saiatu ziren: uhandre piriniotarra, sarrioa, ugatza edo Pirinioetako desmana.
Pirinioetako basabizitzak arrisku asko ditu, eta horiei aurre egiteko erronka hartu dute ikertzaileek. «Egin diren errepide, pista eta azpiegiturek, adibidez, kalte larriak eragin dizkiete azalera zabalak behar dituzten espezieei, hartzari kasu, guztiz zatituta gelditu baita euren habitata», aipatu zuen Arroitak UEUk egindako elkarrizketa batean. Beste alde batetik, klima aldaketaren arriskua ere hor dago. Espezieek gero eta altuera garaiagoetara jo behar izaten dute tenperatura egokien bila. Faktore horiek aztertzen ere saiatzen dira ikertzaileak.
43. Udako Ikastaroek hasieran jarritako helburuak lortu dituzte
Ekainaren 29tik uztailaren 22ra bitartean, Baionan, Eibarren eta Iruñean eskolak eskaini ostean, aurtengo Udako Euskal Unibertsitatearen ikastaroak amaitu egin dira, eta horregatik antolatzaileek balorazioa egin nahi izan zuten.
«43. Udako Ikastaroen balorazioa positiboa da, hasieran markatutako helburuak lortu ditugu-eta», esan zuen Irati Iciar ikastaroen arduradunak, «gainera, aurten erronka bat izan dugu, jardunaldiak txertatu baititugu aurtengo Udako Ikastaroetan», gehitu zuen. Oso pozik geratu dela ere aitortu zuen, antolatutako sei jardunaldiek parte-hartzaile aldetik oso harrera ona izan dutelako.
Ikastaroetan, gutxi gorabehera aurreko urteetan izandako ikasle kopurua mantendu dutela argitu zuen. Beti bezala, gorabehera batzuk izan zirela aitortu zuen antolatzaileak. Izan ere, «ikastaro batzuek ezin izan dute aurrera egin, hala ere, aurreko urteetako matrikula kopuruarekin jarraitu dugu; beraz, balorazioa oso positiboa da», azpimarratu zuen.
Ikasleen asegarritasun mailari dagokionez, oraindik ez dituzte haiek ikastaroen amaieran betetako balorazio orriak begiratu, baina Iciarrek uste du jendea asebeteta geratu dela ikasleak gustura agertu direlako eskoletara. Irakasleak ere oso pozik geratu direla azpimarratu zuen, eta, hori dela-eta, datorren urtean ildo beretik jarraitzeko asmoa dutela adierazi zuen. GARA

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

«Están naciendo niños cuyo abuelo está en la cárcel, esto no es normal»

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

Xabi Iraola proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokor izateko
