Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Zaharrari eusten

Zenbat poema ez ote zaizkion eskaini nostalgiari, eta zenbat ez ote dituen eragin. Oro har, esango nuke nostalgia sentimendu jatortzat jotzen duela jendeak, inola ere ez deserosoa, are gutxiago kaltegarria, nahiz eta beti izan gutxieneko tristura-dosia. Nostalgia sumatzea ez al da, finean, joandakoaz biziki eta penaz oroitzea; ez al da iraganeko zorionaren (une hartan, agian, zorionekoa zela ohartu ez arren) eta carpe diem zailagoaren arteko lehia mingarria? Une batez bada ere?

Une batez harago joan ohi denean ikusten diot nik alde txarra nostalgiari, zeresanik ez hedatuta dagoenean. Hots, «iraganeko garai oro izan zen hauxe baino hobea» sinetsita, kroniko bilakatzen ditugunean, edo dizkigutenean, garai bateko gogoetak, poz eta nahigabeak, bizimoduak… Nostalgia, malenkonia, sentimendu boteretsua da iragana mitifikatu eta harekiko mendekotasuna eragiteko, unean unekoari behar bezala erreparatu gabe, aurrera begiratu beharrean, egundoko lepoko minez eta buruko nahaste-borraste garrantzitsuaz bizitzeko. Alegia, lekuz kanpo.

Alabaina, zenbat dira halaxe bizi direnak, min horrek (galdutakoarenak) etengabe blaituta, putzu horretan goxo. Zenbat lagun aroen joan-etorrian eta –gero eta azkarrago– gertatzen diren aldaketen zurrunbiloan zorabiatu eta, helduleku irmo eta seguruak balira bezala, aspaldi-aspaldi ikusi eta ikasitako jarrera eta jokabideetan kateatuta. Balio bidezko edo mespretxagarriei eusten ari ote zaizkien aztertzeko ahaleginik egin barik, beren buruaz harago ikusteko eta sentitzeko inolako asmorik gabe. Orain onartu eta orain debekatu, orain jarri eta orain kendu joko maltzurrean murgilduta.

Inguruko panorama begiratu besterik ez dago, politika –jendarte– atzerakoiak ezartzeko temari, kasu, berriaren aurreko izuaren izuaz. Hau da, kaka dariela beren mundutxo itxi, ordenatu eta segurua desagerraraziko ote dieten.

Malenkoniatsu gehiegi dago politikan jokatzen, denon ongizaterako egarriak mozorrotuta, eta norbere oroiminak (mingarriak izateari utzi ezean, behintzat) transmititu beharko ez liratekeen bezala, ondokoen eta ondorengoen bizitzak ez izorratzeko, politikari askok eta askok jendarte mailako balio-transmisio osasungarriaren gaineko ardura hartu beharko lukete behingoz, ez badituzte baldintzatuko osteko belaunaldiak, ez badituzte kondenatuko bizitzera dagokien arotik at, garaikideekin eta beren buruarekin borroka eternalean.