Ainize BUTRON
BAIONA
aPERITIFa...

«Euskoari esker, kristoren poteoa eginen dugu jaietan» . DANTE EDME SANJURJO

Baionako katedrala parez pare dugula, teilatu artean kokaturiko terraza goxo batean, txakolin bat eskuan eta jaien girotik ezkutatuta eman digu hitzordua Dante Edme Sanjurjok.

Umea zen Dantek lehen aldiko Baionako bestez hitz egiten entzun zuelarik. 80ko hamarkada zen. «Anaia zaharragoak nituen eta, Baionako bestetara sekula ez hurbiltzeko esaten zidaten, borrokak baizik ez baitziren». 2011n, Donibane Lohizunetik Baionara bizitzera joan zenean, ordea, bestak egiteko grina beste hainbat baionarrei bezala piztu zitzaion. «Jaietan auzoen edo lagunen arteko giroa berriz aurkitzen da».

Baionan lekutu zen lehenengo urtean ez zuenez jende askorik ezagutzen, ez zien interes handirik ikusi. Baina 2013an euskoaren proiektua beste hainbat kiderekin bultzatu ondoren, «lagunekin elkartzeko aukera» paregabea bilakatu dira jaiak.

Iaz izan zuen bere lehenengo esperientzia, jaien karietara antolatzen den eusko-poteoari esker. «Gau potoloa izan zen. Hamalau ostatutan egin genuen poteoa. Ostatu gehiago egiten ahal genituen, baina arrunt mozkor bukatu nuen», gogoratu du.

Eusko-poteoa

Mozkor bukatu arren, gaualdia gustukoa izan zuela ematen du, aurten, berriz ere, errepikatzea erabaki baitu. Gaur, arratsaldeko lauretatik goiti abiatuko da eusko-poteoa Patxokitik. Goizeko hirurak arte, Baionan euskoa hartzen duten hogeita hamahiru ostatuetan sartzeko helburua izango dute. «Urtean zehar bizpahiru antolatzen ditugu. Sei edo zazpi ostatu aukeratu eta pintxoak eskaintzen dira ostatuetan», argitu du Dantek «kristoren poteoa» egiteko aukera izaten dela nabarmenduta.

Halere, euskoa urte osoan zehar baliatzen dutenentzat badute Baionako jaiek beste garrantzi bat, oporren aurretiko etenaldia finkatzen baitute. «Urtea jai handi batekin bukatzen dugu, ez dago batere gaizki!», erran du. Bestak euskoekin egitea zertan den garrantzitsua galdetuta, Euskal Monetako lehendakariak berehala erantzun du: «Herriarentzat delako!». «Ostatu eta jatetxeentzat bestak aukera paregabea dira ohi baino diru gehiago irabazteko. Euskoa erabiliz etekin horiek urte osoan zehar euskararen alde, lekuko kalitatezko laborantza iraunkor baten alde eta inguramenaren alde engaiatzen diren guztiek aprobetxatu ditzakete ere», goraipatu du.

Arno basoari so, teilatuz inguraturiko arratsean, amets bat kontatu digu Dantek: «Noizbait Iruñeko jaiak euskoekin egin ahal izatea».