Lankidetza indartzea adostu du Urkulluk Idaho estatuko gobernadorearekin
Lakuako Gobernuko lehendakari Iñigo Urkullu C.L. «Butch» Otter Idaho estutuko gobernadorearekin bildu da Boisera egin duen bidaia ofizialeko lehen egunean. Hitzordu horretan Idahok eta EAEk elkarlanean jarduteko esparruak ipini zituzten mahai gainean, alor ekonomikoan zein kulturalean, Lakuak ohar batean azaldu zuenez.
Bileraren ostean, Urkulluk adierazi zuen «Euskadi berriaren errealitatea gerturatzeko» asmoa zuela. «Erroei eutsirik, hazkunde ekonomiko jasangarria eta giza garapena estrategia bezala hartuta hazi den herria ezagutarazi nahi dut», gaineratu zuen.
Enpresak eta kultura
Urkulluk gogorarazi zuen EAEko enpresen nazioartekotzea dela Lakuako Gobernuaren ardatzetako bat. Idahon interesak dituzten Euskal Herriko hogei bat enpresa daude. Bi agintariek nabarmendu zuten esparru horretan lankidetzarako bideak ireki beharra dagoela, Idaho estatuak eskaintzen dituen aukerak baliatuta, batez ere energia berriztagarrien sektorean, baina teknologia berriak edota nekazaritza eta ardo sektorea ahaztu gabe. Lakuako Gobernuko lehendakariak esan zuenez, lantalde bat sortuko da gai hauek jorratu ahal izateko.
Alde horretatik, Urkulluk, Boiseko alkate David Bieterrekin elkartu ondoren, Idahoko hogei enpresekin lan topaketa bat izan zuen.
Bestalde, kontuan izanda Idaho estatuan euskal jatorriko 16.000 lagun baino gehiago bizi direla, kultura landu beharreko beste alor bat dela nabarmendu zuen Urkulluk. «Euskal Herritik kanpo, Boise da euskal presentzia handiena duen hiria, bai alderdi kulturalari erreparatuta, bai alor politikoan bertan», esan zuen Lakuako lehendakariak.
Urkulluren esanetan, «kultur afinitatea, Boisen euskaldunekiko nabari den ezagutza eta errespetua, zalantzarik gabe, sekulako aurkezpen txartela da Euskadirentzat AEBetan. Aukera bat ere bada, ikasleen artean trukea egiteko».

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio
