GARA
donostia

Elkartasuna eta euskara nabarmenduko dituzte Ezkila kapitainak eta Mattik

Xibaro Kofradiaren panpina izango da aurtengo Ezkila kapitaina eta euskaren aldeko larengatik, «Irutxulo Hitza» izango da Matti.

Donostiako Aste Nagusiaren balioen adierazlea da Ezkila kapitaina, baina aurten ez da ohikoa izango, panpina izango baita, pertsona fisikoa izan beharrean. Halere, balioak mantenduko ditu: euskalduna, feminista, Donostiako eta Euskal Herriko jai herrikoi eta parte-hartzaileen bultzatzailea eta ama lurraren maitalea.

Santa Klara uhartetik abiatu eta La Flamenkaraino bidaia egingo du aurten ere txupinazoa pizteko. «Xibaro kofradiak izango du ohorea urte honetan, elkartasunari helduz. Xibaro kofradiak, bizipozari uko egin gabe eta ziega ilunetan, urruneko txokoetan eta mendietako sasietan dauden euskal xibaroak ahaztu gabe, gune askeak sortzen dihardu. Hortaz, Ezkila kapitaina, Xibaroen elektrotxarangan, dispertsioaren aurkako egunean edo Xibaroen egunean ikusi ahal izango da, baina baita txupinean, abordatzean, eta beste hainbat ekitalditan ere», azaldu zuten Donostiako Piratek.

Mattik, berriz, urtero ideia eta balore desberdin bat ordezkatu nahi du. Donostiako Piraten ustez interesgarriak diren ekimenak edo balioak sustatzen dituzten eragile, elkarte edo taldeen ordezkaria da Aste Nagusiko ikono hau. Aurten, euskararen zabalpena nabarmendu nahi dute eta horregatik “Irutxuloko Hitza” euskarazko komunikabidearen lana azpimarratu nahi izan dute Piratek, otsailean hamar urte bete zituela gogoratuz.

«Badira urte batzuk ‘Irutxuloko Hitza’k jarraipen berezia egiten diola Piraten Aste Nagusiari, eta maitasunez egindako lana egin dutela ikusten da», azaldu zuten kofradiek.

«Euskaraz abordatu dugu beti Donostia eta ezinbestekoa iruditzen zaigu hala jarraitzea Piraton nortasuna adierazteko tresna ere badelako. Urte osoko lanketa burututa, urtean zehar egindako asanblada irekietan, Flamenkadetan, euskara indartzeko beharra azaldu da», esan zuten euskaltzaletasuna lantzeko taldea osatu duten Piratek.