Edur MINTEGI
BILBO

Oskorri, adiorik ez

Oskorri taldeak bere agurra iragarri du datorren udazkenerako. Natxo de Felipek gidaturiko taldearen desagerpenarekin joango zaigu ezinbestez herri kultura garaikidearen ikur nagusienetariko bat eta hainbat belaunaldirentzako erreferente dena. Bost hamarkadatako ibilbide oparoa bukatzear den honetan, «beste bat, beste bat» oihu beroak datozkigu gogora, burutik kendu ezinik. 3.000 zuzeneko baino gehiago eskaini dituzte bidean.

Izatez, Oskorri zuzeneko taldea izan da betidanik, 1971n Deustuko Unibertsitateko paraninfoan eskaini zuen aurkezpeneko emanaldi hartatik. Ordutik 3.000 kontzertutik gora egin ditu, eszenaratze koloretsu eta jostagarria defendatzen, plazarik plaza, herriz herri, Euskal Herrian zehar, bai eta gure mugetatik kanpo ere. Nekaezin.

Ez, Oskorriren ondarea ez da edonolakoa: 32 disko, 500 bat kantu eta une zoragarri kontaezinak utzi dizkigute. Baina kopuru eta zenbaki hutsetatik harago, herri musikari egindako ekarpena daukagu azpimarragarrien.

Oskorri soinua

Herri musika izan du beti oinarri, baina ez da horretara mugatu. Mila eragin aurki daitezke euren kantuetan. Tradizioa bistatik galdu barik, beste musika erregistro batzuk eta anitzak egin ditu bere. Rock, pop, jazz, new age eta abarreko iturrietatik edan dute Oskorrikoek eta euren bide propioa sortu: soinu berezia, Oskorri soinua delakoa.

Hastapeneko harmonia eta konponketa soilei soinu berriztuak gehitu zizkieten, tresna tradizionalak (alboka, txirula, trikitia...) lagun, tresna unibertsalak (biolina, saxofoia, gitarra elektrikoa...) eta teknologia garaikideak era naturalean uztartu dituzte. Horren ondorioz, ezin da jakin instrumentazioan zein sonoritatean tradizioa modernizatu duten ala doinu garaikideak tradiziozko zaporez elikatu dituzten. Eta ez dio axola. Kutsadura, nahaste, fusio, metaketa, hibridazio. Nahi bezala deitu ahal diogu beren doinua hain berezia egiten duen prozesu horri. Eta gutxienekoa da izena, jakina.

Etiketak ez dira inoiz bat etorri Oskorri taldekoekin. Ez dute inoiz labelik gustuko izan. Ikonoklastak izanik, beti jarrera kritikoa azaldu dute sorkuntza prozesuan zein euskal kultura eta politikaren panoraman.

Jarrera kritiko hori eraikitzean Gabriel Aresti poeta bilbotarraren figura gakoa izan da. Arestirekin batera euskal kulturaren ur oparoetan murgildu ziren, begirada kritiko eta zorrotzez murgildu ere. Aresti hauspoa eta lehen LParen ardatza (“Gabriel Arestiren oroimenez”, 1976) izan bazen ere, hainbat idazle eta bertsolari iturri eta kolaboratzaile izan da tartean: lehendabiziko diskoetan (Bernart Etxepare, Jon Mirande, Joseba Sarrionandia, Koldo Izagirre, Xabier Amuriza...) zein hurbilekoetan (Harkaitz Cano, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Jon Sarasua...).

Literatura garaikidea eta bertsolaritza baliabide izateaz gain, taldearen espiritua artisaua izan da une oro. Nahiz eta Natxo de Felipe, Antxon Latxa, Bixente Martinez eta enparauek batzuetan onartu ez, etengabeko ikerketa eta berreskuratze lana egin dute, altxor bila. Esate baterako, “Hi ere dantzari” (1991) lanean desagertzear zeuden dantzen kantak betiko dokumentatu zituzten, eta “Katuen testamentua” (1993) diskoan Bizkai aldeko hilzoriko haurrentzako abestiak berreskuratu zituzten, Kukubiltxo antzeztaldearekin batera ikuskizun izugarria taularatuz. 2006an “Doktor Do Re Mi eta Benedizebra” lanak jaso zituen haurrentzako kantak.

«The pub ibiltaria»

Azken urteetako “Oskorri & The Pub Ibiltaria” proiektua ezin dugu ahaztu. Antzinako euskal kantutegitik bildutako 226 pieza zuzeneko 13 diskotan jasota, hainbateko parranden isla. Askok Santo Tomas egunekoak gogoratzen dituzte biziki.

Espektakulu honen ezaugarrien artean, Oskorriren beste ekarpena aurkitzen dugu: asmo probokatzaile eta parte hartzailea. Jendea kantatzera eta jotzera probokatzen dute, ikusle huts baino aktore izan dadin. Musika eskola eta ikastetxeetan partiturak banatu eta kontzertu pedagogikoak ere eskaini zituzten hainbat taldekidek. Herri kultura, letra larrietan.

Badoakigu Oskorri, baina abesti gogoangarriak betiko utziko ditu; museoko ondarea baino edozein momentutan entzun, abestu, gozatzeko perlak: “Gaztelugatxe”, “Egia da”, “Furra-furra”, “Euskaldun berriaren balada”, “Kattalin”, “Aita semeak”, “Bizkaiko aberatsak”, “Euskal Herrian euskaraz”, “Gora ta Gora beti”...

Azken diskoan, “Dantza kontra dantza” (2011), Baztango Dantzariekin batera, Frantziako Iraultzan galdutako doinu eta dantzen «bertsio modernoa» ondu zuten hamalau piezatan.

Eta taldearen garapena biribiltzen, sustraietara itzuliz edo, 2013an “Gabriel Aresti biszitan” emanaldia estreinatu zuten. Bilboko poetarekin eta haren eraginez sortutako kantuen bilduma, Oskorriren azken proiektua izango zena.

«Hauxe da despedidia»

Horrela deritzo irail eta azaroa bitartean beren publikoa agurtzeko Euskal Herrian zeharreko kontzertu jirak. Orotara zazpi emanaldi eskainiko dituzte: irailaren 6an Getxon hasi eta, ostean, urriaren 10ean Baionan, 17an Gasteizen eta 25ean Donostiako Victoria Eugenia antzokian gozatu ahal izango ditugu. Nafarroa Oinez jaiaren ekitaldien barruan azaroaren 7an Iruñean izango dira, hilaren 14an Maulen zuberotarrei esango diete adio eta, azkenik, azaroaren 22an Bilboko Arriaga antzokian emango dute bukatutzat jira eta ibilbidea bera.

Ironiak ironia, lehen emanaldia, Getxoko Folk jaialdian izango da. Folk. Hastapenetik, eta gainetik kendu ezinik, jarraitu dien musika etiketa bera, hain zuzen.

Eta azken ekitaldi eta behin betiko agurrak, azaroaren 22an, Bilboko Arriaga antzokia izango du agertoki. Bilbaotik Bilbora. Frankismoa hilzorian zegoeneko Bilbo gris horretatik abiatu zen proiektua, han-hemenka, ipar-hego, sortalde-sartalde, doinu koloretsu eta hitz jostagarri andana barreiatu ostean bueltatzen da etxera. Habiara itzulita, gozo.

Beste bat!, beste bat!...