Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Giltzak (I)

Haifara itzuliz” ipuinean Israelgo armadak Haifa indarrez hartu zuen egunean beren etxea utzi behar duen bikotearen istorioa azaltzen du Ghassan Kanfanik. Ez da etxea, baina, 1948ko apirilaren 21 hartan Said eta Safiyyak galdu zuten gauza bakarra. Soldaduek eragindako kaosaren ondorioz bost hilabeteko semetxoa, Khaldun, sehaska barruan utzi zuten, beraiena izateari utzi behar zion etxe hartan. Hogei urte geroago, 1967an, Israelek mugak epe labur batez irekitzea erabakitzen duenean, bortxaz kanporaturiko palestinarrei zein nazioarteko komunitateari juduek eraikitako Estatuaren «mirariak» erakutsi asmoz, Saidek eta Safiyyak «etxera» itzultzea erabakitzen dute.

Ez da erabaki erraza, ordea. Israelgo Estatuak egun bakarra eman die, haiei zein 1948ko gainerako palestinarrei (izendapen hori emana diote beren buruei, eta hala egingo dute Israelek okupaturiko lurraldeetatik kanporatutako etorkizuneko palestinarrek, kanporatze-data bakoitza beren izena/izanaren parte bihurtuz), «opari» gisa, atzean utzitakoaz kezkarik izan ez dezaten. Ezen orain beren etxeak, beren lurra, judu jatorren esku baitaude, hots, ondo zainduta.

Mugak irekitzearen kontua palestinarrak beste behin umiliatzeko aitzakia baino ez dela uste du Saidek, eta Israelgo Estatuaren trikimailuei men egin baino lehenago nahiago du dauden tokian geratu, Libanon, erbestean. Safiyyak, ordea, ezin du Khaldun burutik kendu. Urte hauetan guztietan semea atzean utzi izanaren zama ezin izan du burutik ezta bihotzetik ere kendu.