Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
OIARTZUN
Hilberria

Peter Daniels taula egile ospetsua hil da Oiartzunen

Pasa den abuztuaren 6an hil zen Oiartzunen Peter Daniels munduko shaper (surf taula egilea) famatuenetakoa. Aste osoan zehar mundu osoko surflari eta taula egileen dolu mezuak zabaldu dira sare sozialetan eta surf aldizkarietan.

Surf munduan ospe handienetakoa duen “Surfer” aldizkariak, esaterako, honela eman zuen Oiartzunen bizi zen hegoafrikarraren heriotzaren berri: «South Africa’s most influential surfers and shapers, Peter Daniels, has passed away in the Basque Country at the age of 66». Surf munduan sortu zen munduko lehen aldizkari honetako portadan ere agertu zen surfean Daniels, 1976. urtean.

Beste hainbat surf aldizkarik ere Danielsen ibilbide profesionalaren berri eman dute artikulu eta dolu posten bidez. Gazte denboran olatu gainean lortutako emaitzengatik, zein taula egile gisa kirol honen garapenean izan zuen eraginagatik Peter Daniels kondairazko surflaria izan da.

Izan ere, Peter Danielsen surf taulak munduko surflari ezagunenek erabili izan dituzte eta erabiltzen jarraituko dituzte, bera joan arren, ingurukoengan utzitako oroitzapenez gain, utzi duen gauza ederren artean bere surf taulak baitaude.

Bere taulak erabiltzen zituztenen artean titulu mundiala eskuratu zuten lehiakideak aurkitzen dira, baina baita mota eta estilo askotako surflariak ere.

Amaigabea da Danielsen taulak erabili izan dituzten surflari ospetsuen zerrenda. Batzuk aipatzearren, Tom Curren (hiru bider munduko txapelduna izandakoa), Kelly Slater (hamaika bider munduko txapelduna), Martin Potter, Adriano de Souza, Aritz Aranburu, Jordy Smith edo Sunny Garcia aipa daitezke.

Daniels munduko surflari ezagunenetako bat zen 70eko hamarkadan, eta horrela, Jeff Hakman txapeldun ohiaren lagun handia egin zen, horregatik jarraitu zuen azken unera arte bere lagun hawaiiarraren taulak egiten.

Hakmanen eskutik ezagutu zuen Euskal Herria Danielsek, Biarritz eta Donibane Lohizuneko inguruak lehenik, Quiksilverrek Europan duen egoitza nagusia han aurkitzen baita. Ondoren, Zarautz eta Gipuzkoako beste herri batzuk ezagutu zituen, beti lanean.

Horrela hasi zen Pukasek Oiartzunen duen Olatu izeneko surf taulen tailerrean lanean 1993. urtean, eta ordutik bere taulak asko ugaritu ziren gure kostaldeko urautsietan.

Danielsen surf taulek arrakasta handia izan dute, mundu mailako surflarien, eta noski, baita bertako surflarien artean ere. Azkenaldian, esaterako, Kepa Acero Algortako surflariarekin lanean ari zen diseinu berriak egin eta probatzen.

Adur Letamendia, Pukaseko komunikazio arduradunaren esanetan, «Peterren ekarpena oso garrantzitsua izan zen Pukas mundu mailan proiektatzerako orduan».

Petersen izaera dinamikoa eta hark utziko duen hutsunea ere hizpide izan zuen Letamendiak: «Txapelketa guztiak ikusten zituen eta goi mailako surflari denak ezagutzen zituen, guztia zekien haiei buruz. Pertsona oso berezia zen. Asko botako dugu faltan».

Finean, munduko surf komunitate osoarentzako izan da galera handi bat Peterren heriotza.