Istilu larriak Saloun, Poliziaren operazio batean etorkin bat hil ostean
Kaleko salmentaren aurkako Mossos d'Esquadra Kataluniako Poliziaren operazio bat erarik tragikoenean amaitu zen atzo Salou hirian. 50en bat urteko gizon bat hil zen, hirugarren solairuko balkoi batetik erorita. Ehunka etorkinek gertatutakoa argitzeko exijitu zuten.
Normalean oso lasaia den Salou Tarragona probintziako hiri turistikoak AEBetako Ferguson zirudien atzo, San Jordi plazan eta ondoan dagoen Bartzelona kalean manifestari beltzak eta poliziak elkarri egurra ematen aritu baitziren. Trenbide zerbitzua etetea eragin zuen protestaldiak, makina bat denda eta establezimendu itxita eduki zituzten, istiluen irudiak telebista kateetan eskaini zituzten... Manifestariek beraien lagunari gertatutakoa argitzea exijitzen zuten, ez baitzetozen bat bertsio ofizialarekin.
Hedabideek goizetik eskainitako bertsioaren arabera, Mossos d'Esquadra Polizia kaleko salmentaren aurkako sarekada egiten ari zen goizeko seietan eta San Jordi plazako etxebizitza batera sartzera zihoan, 50en bat urteko senegaldar jatorriko gizon batek hirugarren solairuko balkoi batetik jauzi egin zuenean. Bertan hil zen. Berehala iritsi zen anbulantzia, etorkina salbatzerik ez zegoela ondorioztatzeko. Agenteek esan zuten hildakoa ihes egiten saiatzen ari zela.
Poliziak jakinarazi du bere operazioan hamabi lagun atxilotu dituela eta material ugari konfiskatu duela.
Eguzkitakoak airean
Berrehunen bat etorkin bertaratu ziren gertatutakoaren berri izan zutenean. Poliziak ingurua hesitu egin zuen. Tentsioak gora egin zuen poliziek gorpua eraman zutenean.
Manifestari batzuek ondoko trenbideko harriak erabili zituzten agenteei botatzeko. Plazan zeuden mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak... botatzeko moduko gauza guztiak, airean ibili ziren, bertakoen eta turisten beldurra eraginez. Iturri ofizialek emandako datuen arabera, hamasei pertsonak zerbitzu medikuen laguntza behar izan zuten. Zauritu larririk ez zen izan.
«Mossos d'Esquadra, basatiak», irakur zitekeen manifestariek beraiek kartoiekin egindako txarteltxoetan. Horietako batek beraiei aurre egindako turista bat jo zuen, baina beste manifestariek berehala eraman zuten, giroa lasaitu nahian. Agenteek pertsona bat atxilotu zuten, istiluetan esku hartu izana leporatuta.
Arratsaldean giroa zertxobait lasaitu zen. Kale saltzaileek hildakoaren etxearen azpira eraman zuten protestaldia. Baita trenbidera ere. Protesta gehiago egitekoa asmoa dute.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
