Martxelo DÍAZ
IRUÑEA

Torrea, leitzarren auzolanari esker sorturiko topalekua

Duela bi hamarkada luze sortu zen Torrea, Leitzako biztanle ugariren ahaleginari esker eta herriak zituen gabeziei aurre egiteko xedez. Esfortzu horrek urte hauetan ekimen ugari antolatzea ere posible egin du. Egun, Auzitegi Nazional espainolak lehenik eta Auzitegi Gorenak gero emaniko epaien ondorioz, mehatxupean da, baina aurrera segitzeko asmoarekin.

Leitzak zituen gabezia ugariri aurre egiteko sortu zen Torrea elkartea eta herriko taberna. Egun, Euskal Herriko hamaika elkarte bezala Estatu espainolaren mehatxupean dago. Leitzan ere dozenaka lagun elkartu ziren, inplikazioarekin, konpromisoarekin eta esfortzuarekin proiektua aurrera ateratzeko.

Lehenik, 1990eko hamarkadaren hasieran, eraikina erosteko apustua egin zuten, herriko plazan bertan, udaletxearen aurrean. Leitzar eta bisitari guztiek ezagutzen duten toki ezin hobe batean. Ondoren, eraikin horri edukia eman behar zitzaion. Eta horretan ere, herritar ugariren lana ezinbestekoa izan zen. Eta izaten jarraitzen du.

«Garai horretan gure herriko esparru zabal batean zeuden kezka sozialei, kulturalei eta politikoei bidea emateko behar bezalako gunerik ez zegoen, eta hori aintzat hartuta Torrea egiteko ibilbideari ekin zitzaion; proiektu berri bat egiten duenaren ilusioarekin ekin gainera», azaltzen du egun hauetan Leitzan banatu den “Adebolloan” aldizkariak. Bertan nabarmentzen denez, egun Torrea dagoen eraikina egoera oso kaxkarrean zegoen. «Zaharberritzeko lan izugarria bazegoen ere, herritar askoren ekarpenarekin eta ilusioarekin, etxea berritzeko auzolan zabal eta luzearen bitartez, pixkanaka-pixkanaka eraikina moldatu zen, eta azkenik, taberna eta jatetxeaz gain, eraikineko lehen solairu osoa egokitu zen, besteak beste, bilkurak, hitzaldiak eta abar egiteko guneak ahalbidetuz».

Duela 21 urte Torrea martxan jartzea lortu zuten, eta ordutik hona dozenaka ekimen antolatu dituzte. «Mota guztietako kontzertu ugari ospatzeaz gain, beste motatako ekitaldi ugari eta anitzak antolatu eta burutu izan dira: klase desberdinetako hitzaldiak, erakusketak, antzerkia, liburuen aurkezpenak, jokoak eta festak...». Eta horretan jarraitzeko asmoa dute.

Izan ere, Auzitegi Gorenaren erabakiaren ondoren egoera okertu bada ere, Torrearen aurkako lehen erasoak duela hamahiru urte hasi zirela gogora ekarri du elkarteko kide den Jon Arangoak, ezin ahaztu 2002an Auzitegi Nazional espainoleko epaile zen Baltasar Garzonek jazarpen honi hasiera eman ziola.

Kriminalizazio itzela

Estatuaren begiradapean egoteak kriminalizazio itzela suposatu du Torrearentzat eta Guardia Zibilak eraikina inguratu eta prezintatu izan du.

Leitzako biztanle eta eragile ugarik Torreari sostengua adierazi diote eta egoera hori salatzeko ekimen ugari martxan jarri dituzte. Joan den astean, adibidez, Berri Txarrak taldearen kontzertua izan zuten Torrean bertan. Jendez gainezka izan zen. Egoera zaila dela jakinda ere, Leitzako jaietan beti egin izan dutena egiten jarraitzeko asmoa dute Torreako kideek. Herritar eta bisitarien topalekua izan, jaiez ederki aski gozatu ahal izateko. Eta jaiak amaitzen direnean, lanean jarraitu nahi dute. Beti bezala.