Amalur ARTOLA

«ALTZOKO HAUNDIA», ARTEAK ADINA GAINDI DEZAKEEN ADIERAZLE

Basterretxeatarren sinadura daramate «Altzoko Haundia» haur operan erabiliko dituzten txotxongiloek eta eszenografiak. Hil aurretik, Nestor Basterretxeak osatuta utzi zituen diseinuei Jonan semeak, Idoia Seijoren laguntzarekin, eman die bizia.

Menina estudioak 30 urte daramatza Hondarribiko Alde Zaharrari bizia eta grazia ematen. Handik sartu eta atera ibili ohi dira Jonan Basterretxea eta Idoia Seijo, eskuartean duten txotxongiloarentzat oihal berezi hori non aurkituko edo enkarguzko panpinari bizia emango dion gailu egokia bilatzeko inguruko burdindegi guztiak zelatatzen. Orain, eskuartean erronka handia dutela aitortzen dute. «Lehenengo aldia da gure irudimenetik atera ez den irudi bati txotxongilo itxura eman behar diogula, eta diseinuarekiko fideltasun osoa mantentzea ez da batere erraza izaten», ziurtatu du Jonanek. Are gehiago diseinuak egin dituena zure aita eta, aldi berean, Euskal Herriak eman duen artista polifazetiko eta adierazgarrienetakoa denean.

Nestor Basterretxeak publikoari erakusteko asmoz egin zuen azken lana dute eskuartean Jonan eta Idoiak, eta emaitza irailaren 12an ikusiko da estreinakoz oholtza gainean, “Altzoko Haundia” izenpean. Topic Tolosako nazioarteko txotxongilo zentroa dago Migel Joakin Eleizegiren istorioa kontatzen duen haur opera honen atzean. XIX. mendean Altzon jaiotako gizon honek gigantismoa zuen –2’42 metroko garaiera izatera iritsi zen–, eta, garaiko Europan zirkuari lotzen zitzaion errealitatea izanik, Altzoko Haundia izenpean kontinente zaharrean zehar bidaiatu eta zenbait abentura bizi izan zituen. Haren istorioa berreskuratzeko asmoz, Topic zentroak aspaldi ekin zion bere lehen ekoizpen propioa izango den proiektua osatzeari eta, hala, 2012an David Azurzak operarentzat musika konposatu eta Koldo Izagirrek libretoa osatu zuen. Produkzio osoa aurrera eramateko abagunearen zain geratu ziren eta Donostia 2016k eman die aukera. Egun, hurrengo urtera begira eskuartean duen proiektu anbiziosoenetakoa den honen zuzendaritza artistikoa Emmanuele Vazquez mexikarraren esku dago, eta, oholtza gainean, La Enana Naranjako kideak eta Orfeoi Txikia ariko dira, baita hiru bakarlari ere. Behin biran hasita, asmoa joaten diren herrietako haur koralek ikuskizunean parte hartzea da. «Maila handiko ikuskizuna izango da eta lan handia egiten ari gara David, Koldo, Emmanuele eta gainerakoen mailari eusteko», ziurtatu du Idoiak.

Ez dira haurrentzat bakarrik

Egunotan, urduritasuna eta artearen inguruan beti egon ohi den giro berezi hori arnasten da Topic zentroan. Bertan ari dira Emanuelle eta La Enanakoak entseguetan, baita Jonan eta Idoia ere, txotxongiloei azken ukituak eman eta antzezleek dituzten beharretara egokitzen. «Ez dugu estreinaldiaren bezperan sorpresarik nahi, are gutxiago aurretiaz konpon badaiteke», esan du Idoiak. Azke egunetan «estresaturik» dabiltzala onartzen dute, lanez gainezka, baina pozik. Badakite azken txanpa dela. Su ta Fu pertsonaiak botoi bat galdu du. Antzezle batek txotxongiloetariko bat erosoagoa izateko proposamena egin dio. Idoiak ez du ezezkorik esaten, «txotxongiloa maneiatu behar dutenak beraiek dira, garrantzitsua da makinaria osoa euren beharretara egokitzea».

Zailena, hala ere, ez da ibilbidearen amaieran etorri. Zailena, proiektuaren hasieran suertatu zen. «Aitak proiektuan parte har zezala, horixe izan zen zailena. Bere belaunaldiko gehienek bezala, txotxongiloak haurren kontua zirela uste zuen», azaldu du Jonanek. «Guk betidanik erakutsi izan dizkiogu artista handiek txotxongiloen esparruan egin dituzten lanak, Pol Kleek aita izan zenean bere haurrarentzat egin zituenak, Mirok egindakoak edo Picasso Museoan jostailuen eta abangoardiaren inguruan egindako erakusketa baten katalogoa... Berak ‘bai, bai, bai’ esaten zigun, gustuko zituela, baina konbentzimendu handirik gabe», azaldu du Jonanek, eta ikuspuntu aldaketa 2013an eman zela dio, Topic&bs; bertako ordezkariak eta Emmanuele Marquez bisitan joan zitzaizkionean: «Berak Mexikon egindako hainbat lan erakutsi zizkion, zuzenean Txaikovskiren obrak jotzen zituen piano-jole bat kasu, tono oso poetikoa zuena, zenbait objektu eta oihalekin... une horretan hasi zen emozionatzen, ikuspuntua aldatzen».

Ez zuen askoren beharrik izan proiektuarekin bat egin eta bete-betean murgiltzeko. Hasieran, bere jardunean ohikoa zuen abstrakziora jo zuela dio Idoiak: «Eskulturara jo zuen, ikuspegi totemikora, eta diseinuak ikaragarri politak izan arren espresiobiderik ez zuten. Batzuek ezta ahorik ere...». «Aita oso moldagarria zen horretarako, berehala txipa aldatu eta, abstrakzioarekin jarraitu bazuen ere, figuratiborantz jo zuen», nabarmendu du Jonanek. «Horrenbeste sartu zen sortze prozesuan, ikuskizunean existitzen ez ziren pertsonaiak ere sortu zituela», gaineratu du Idoiak, barrez.

Marrazkiak hiru dimentsiotara eramatearen lana egin dute Jonan eta Idoiak. Lan hori gauzatzeko eraren erabakiak, baina, hiruren artean hartu zituztela nabarmendu du Jonanek. «Hasieran aurpegiak lauak ziren, maskara itxurakoak, eta bolumena ematea erabaki genuen. Horretarako, zenbait plano berrezarri genituen. Ahoa mugitzeko kako sistema ezarri genien geroago, aitak ahoa artikulatu gabea izateko diseinatu zituelako», oroitu du Jonanek. «Eszenografian mendi paisaia da nagusi eta aitak berdeak eta lerro zuzenak erabili zituen, oso berea da eszenografian ikus daitekeen estiloa. Eta gizakiak ez diren beste zenbait elementu ere diseinatu zituen: sugea, zaldia, itsasontziak, hegaztiak...».

Operaren diseinuak koadernoetan zehaztuta zeudenean eta txotxongiloak egiteko prozesua hasita zenean zendu zen artista handia, orain urtebete. Berak utzitakoari forma ematen aritu dira ordutik Jonan eta Idoia eta, ikuskizunerako, 50 txotxongilotik gora egin dituzte; eskukoak, mahaikoak, giza-tamainakoak eta... baita 2,42 metroko txotxongilo erraldoia ere, azken eszenarako. «Emmanuelek dantza egin behar zuela esan zigun, publiko artera atera... eta jende askoren artean baino pertsona bakarrak maneia zezakeen txotxongiloa egingo genuela esan genion», azaldu du Idoiak. «Emmanueli begiak lekutik atera zitzaizkion, lau antzezle ariko baitira oholtzan eta, hala, gainerako hirurek beste elementuak maneia ditzakete, obrari amaiera ezin hobea emateko».

Hala, antzezleak aluminiozko egitura bat eramango du sorbalda gainean, eta haren gainean burua. Txotxongiloaren hankak antzezlearenak izango dira, eta oinetan abarka handi batzuk jarriko dizkiote. Eta besoak bi hagatxoren bidez mugituko ditu. «Kasu horretan, pisua zen gakoa. Arina behar zuen izan. Ardi larruz egin nahi genuen, baina pisua hartzen zuen eta ile sintetikoa tez tindatu genuen, zahartu eta hori eta krema koloreak hartzeko», dio Idoiak.

Txotxongiloen autonomia bultzatu eta antzezleen zeregina errazteko, Altzoko Handiaren ama, aita eta anaia eszenara gurpil gainean irteten dira eta hauek ere antzezle bakarrak maneia ditzake: «Zutik mantentzen dira eta burua finko geratzeko sistema bat asmatu dugu: dutxako telefonoa zintzilikatzeko euskarria egokitu diegu burua guk uzten dugun posizioan manten dadin. Hala, antzezleak esku bat libre du, beste zeregin baterako. Beharrak, irudimena lantzera eramaten zaitu», ziurtatu du Jonanek.

“Altzoko Haundia” haur operaren aurrestreinaldia Topic zentroan egingo da irailaren 12an eta estreinaldi ofiziala txotxongiloen munduan erreferente den Charleville-Mézièreseko jaialdian egingo dute, irailaren 26an: «Begiratzen egon gara eta, estreinaldiaren egunean bakarrik, 1.500 ikuskizun daude programatuta! Ikaragarria izango da», nabarmendu du Idoiak. Obraren gainean, ikusteak mereziko duela ziurtatu du Jonanek: «Exijentzia maila handiko lantalde ikaragarria ari da lanean, eta emaitza ere maila berekoa izango da. Eta guretzat berezia, eszenan ikusten dena Nestor delako, aitaren beste alderdi bat».

Menina tailerra, hiru hamarkada txotxongilogintza sustraitzen

Jonan Basterretxea eta Idoia Seijok Arantzazuko kripta margotzen lagundu zioten Nestor Basterretxeari 1982an eta zeregin horretarako Irunen alokatu zuten inprenta zaharrean ezarri zuten euren lehen tailerra. Makina bat euri egin du ordutik eta denborak batera eta bestera eraman ditu, Hondarribiko Alde Zaharrean finkatzeraino. Han dute Menina estudioa, tailer izatearekin batera denda funtzioa ere betetzen duena. «Nondik abiatu eta nora iritsiko ginen jakin gabe hasi ginen, ikastaroak egin eta egin, eta txotxongilogintzan amaitu dugu», dio, Idoiak, irribarrez.

Meninatik atera dira egungo Zeledon, 2002an egin zutena, baita Bilboko Aste Nagusian ezinbestekoa den Gargantua ere. Topic zentroaren eskariz Bilboko alkate Ibon Aresori oparitutako Iñaki Azkuna alkate ohiaren txotxongiloa ere eurek egina da. «Buruhandiak, gazta erraldoiak, atrezzoko arrokak... zer ez ote dugu egin horrenbeste urtean!». A.A.